Berriak

Gazta Lehiaketa 2014

Sarituak2014gaztalehiaketa

Segurako Mari Karmen Muruak irabazi du 41. Gazta lehiaketa, eta AMPOk 13.050 euro ordaindu ditu gazta erdiarengatik

 

 

Elgoibarko Mausitxa sailkatu da bigarren, eta Joseba Insausti ordiziarra hirugarren

 

Idiazabalgo enpresak enkanteko errekorra hautsi du, 2004. urteko 12.100 euroak nabarmen gaindituz

Segurako Ondarre baserriko Mari Karmen Muruak irabazi du Artzainek Latxa Ardi-Esnez egindako 41. Lehiaketa. Bigarren Elgoibarko Mausitxa sailkatu da, hirugarren Joseba Insausti ordiziarra, Azpeitiko Berastegi elkartea laugarren eta Iruraiz-Gaunako Hnos. Audicana Saez de Bikuña bosgarren. Gazta erdiaren enkantean, berriz, errekor guztiak hautsi ditu Idiazabalgo AMPO enpresak, 13.050 euro ordainduta, 2004an Lierni Patxi erretegiaren 12.100 euroak nabarmen gaindituz. AMPO enpresa Beasaingo Hurbileko Jaleak dendarekin aritu da lehian enkantean. Iaz, Bergarako Bolintxo Okindegiak 7.500 euro ordaindu zituen.

Eguzkia lagun, giro jatorrean ospatu da gaur Ordiziako Euskal Jaietako aparteko azoka. Asteazkenoroko azokaz eta gazta lehiaketa entzutetsuz gain, fruitu eta barazki lehiaketa, perretxiko erakusketa, euskal oiloen lehiaketa eta Gipuzkoako Piriniar Arrazako Behi-Azienden lehiaketa ere izan dira Ordizian. Kalean jendearen joan etorria etengabekoa izan da, eta Goierriko produktu onenak bertatik bertara ikusi, erosi eta dastatzeko aukera izan dute feriara inguratu direnek. Asteazkenoroko azoka ere apain zegoen Plaza Nagusian.

52 gaztagile lehian

Gaurko azokari sona ematen dion ekitaldia Gazta lehiaketa izaten da. Gaur ere jendez gainezka egon da Beti-Alai pilotalekua. 52 artzainek hartu dute parte lehiaketan: Gipuzkoakoak 24, Nafarroakoak 12, Arabakoak 10 eta Bizkaikoak 6. Gaztak, berriz, 28 ketugabeak izan dira eta 24 ketuak. Aipagarria da lehen 14 onenen artean ez direla sailkatu azken bi urteetako txapeldunak: Ricardo Remiro (Eulate, Nafarroa) eta Jon Etxebarria (Zeanuri, Bizkaia).