Idiazabal Gazta, “etorkizunerako begirada”
23 Apirila 2025
Gaur, apirilak 23, Artzain Egunaren 31. edizioa ospatu da Ordizian. Herriko kaleetan gozatu ahal izan den aparteko azokaz gain, Idiazabal Gazta berriaren denboraldiari hasiera eman zaio, udaletxean egin den ekitaldian. Artaldeak herrigunea zeharkatu du, eta urtero bezala, artzainak eta gazta izan dira protagonista, Udalak, ELE Latxa Ardiaren Elkartea, Lurgintza, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin batera antolatzen duen egun handi honetan.
Artzainen garai bateko transhumantzia eta ardiak uda garaian mendiko larreetara eramateko ohitura gogoratuz, 1.500 buruk, bost artaldetan banatuta, Ordiziako herrigune historikoa zeharkatu dute. Maiatzaren lehenarekin batera hasi ahal izango dute artzainek ardiak Aralarko goi larreetara igotzen.
Gazta berria ebakitzeko ekitaldia
Segidan, Idiazabal Gazta berriaren denboraldiari hasiera ematen dion ekitaldia egin da udaletxeko batzar aretoan. Aurten, Dimako (Bizkaia) Garena jatetxeko Julen Baz eta Peli Perez de Anuzita sukaldariek izan dute gazta ebakitzeko ardura. Ekitaldian, ‘Vascos por el mundo’ telebista saioa omendu da, Idiazabal Gazta mundu osoan dauden Euskal Herritarrei gerturatu eta bere sustapenean egiten duten lanagatik.
Ekitaldiaren hasieran, Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez “neguak udaberriari lekua egitearekin batera, mendez mende errepikatzen den zikloa jarraituz, gure artzainek, latxa ardiek eskainitako esne gordinez ekoizten dutela gazta berria, gure Idiazabal Gazta”. Izan ere, “latxa ardirik gabe, ez genuke ez artzainik, ez esnerik, ez Idiazabal Gaztarik, ez eta gure goi mendietako paisaiarik ere”. Idiazabal Gaztaren “bertuterik handiena horixe da, geurea dela, geurean errotuta sortzen dela, eta horregatik, usaintzen eta dastatzen dugun bakoitzean gure burmuinean eragiten duen eztanda ikaragarria bilakatzen da”. Hori, bereziki, Euskal Herritik kanpo bizitzea tokatu zaienek dakitela azaldu du, “izan ere, une hori, etxetik urrun Idiazabal Gazta zati bat hartu, usaindu eta dastatzeko une hori deskribaezina delako; gazta zati horrek zure sustraiekin lotzen zaitu instant batez, zure jaioterriko paisaiarekin, inguratzen gaituzten mendien berdearekin, eta batez ere maite ditugun pertsonekin”. Hala, Ruper Ordorikaren hitzak gogora ekarriz, “zaindu maite duzun hori” esaldiarekin bukatu du hitzaldia.
Arantxa Ariztimuño GFAko Nekazaritza eta Lurralde Orekako Zuzendariak gogorarazi du “gaurkoa bezalako festa eta ospakizun egunak behar beharrezkoak” direla, “lehen sektorean, gure etxeetan eta ezkutuan egiten den lan hori bistarazten duelako”. Egunero artzainek lan hori egiten jarrai dezaten, “erakundeon ardura, egunerokotasunean lanbide hau aurrera ateratzeko lan egitea” dela azaldu du. Horregatik, erakundeen arteko elkarlana bultzatu eta lehen sektoreari etorkizun bat emateko borondatea eskatu du.
Libe Otegi GFAko Turismo Zuzendariak, Artzain Eguna “gure tradizioari eta gure arbasoei egiten zaien omenaldia” dela azaldu du, “artzainen, beraien lanari esker, gure altxor gastronomiko garrantzitsuenetariko bat” sortzen dutelako, Idiazabal Gazta. Gure nortasunaren erakusle ez ezik, “turismoaren erakargarri nagusienetako bat” dela dio, “hemen sortzen den gaztak, nazioartean gure herria sustatzeko ateak” irekitzen dituelako.
Raul Perez Iratxeta EJko Elikadura eta Landa Garapenerako Sailburuordeak berriz, artzaintzaren baloreak eta sektore honetako pertsonen garrantzia balorean jarri nahi izan du, baita lehen sektoreko ofizio eta lanbideak ere. Erakundeei dagokionean, sektore honi laguntzea dagokiela gogorarazi du, eta jende gaztea sektorera gerturatzeko asmo eta helburua azaldu ditu.
‘Vascos por el Mundo’ telebista saioari omenaldia
ETB Euskal Telebistako ‘Vascos por el Mundo’ telebista saioak 313 saio bete ditu eta horietan 100 herrialde baino gehiago bisitatu ditu, ia 1.500 hiri bost kontinenteetan barrena, 3 milioi kilometrotik gora eginez, hau da, munduari 75 bira ematearen baliokide dena. Kanpoan bizi diren 1.800 euskal herritarren bizimodua eta hiri ezberdinak ezagutarazteaz gain, Idiazabal Gazta mundu osoan barrena zabaldu dute, hori baita saioan parte hartzen dutenei eramaten dieten oparia.
Erregulartasun Sariak
Gainera, ekitaldi berean, Idiazabal Gaztaren erregulartasun-kalitate sariak ere banatu dira. Sari hauen bidez, artzainen eguneroko lan zorrotza saritu nahi da. Horretarako, Idiazabal Jatorri Izendapeneko dastatze batzordeak 2024an egindako dastatze saio ofizialen emaitzak hartzen dira kontutan. Aurten Idiazabalgo (Gipuzkoa) Goiburu gaztandegia eta Egozkueko (Nafarroa) Marta Perez Loperena artzaina izan dira sarituak.
Abel Goiburuk familiatik hartu du gaztagintzaren testigua, Juanak eta Domingok haien bizitza osoa Idiazabal Gaztaren munduan pasatu ostean, Ordiziako gazta txapelketan ere lehen saria lortutakoak baitira. Izendapenetik garrantzia handia ematen zaie kasu hauei, non ezagutza eta transmisio familiarra uztartzeaz gain, lan onaren eta arrakastaren aldeko apustua egiten duten belaunaldi berrietan. Ez da gaztandegi honek lortzen duen lehen erregulartasun saria, 2019, 2021 eta 2023an ere eskuratu baitzuen, ondo egindako lanaren seinale.
Loperena berriz, Egozkuen (Nafarroa) kokatuta dagoen familia gaztandegia da. Bertan jaio zen proiektu hau, familiako tradizioarekin jarraituz. Martak lekukoa hartu zuen eta 2016an ekin zion bideari, Carlos senarrarekin batera, SC Loperena izeneko proiektu komun baten alde eginez. 2019an, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako ohorezko kofrade izendatuak izan ziren.
Gazta berria, belaunaldi berriak
Gazta ebakitzeko unean, esker oneko hitzak izan dituzte Julen Baez eta Peli Perez de Anuzita sukaldariek. Biak ala biak ere sukaldari gazteak badira ere, ibilbide oparoa egin dute munduko jatetxerik onenetako batzuetan nahiz beste proiektu batzuetan lan eginda. Azken urteak Garena jatetxearen proiektuan ari dira biak. XVIII. mendeko baserri batean, Urkiola eta Gorbeiako natur parkeen artean, antzinako euskal tradizioa eta XXI. Mendeko sukaldaritza uztartzen ditu. Hainbat sari jaso dituzte geroztik, tartean, Michelin izarra eta Repsol gidako 2 eguzki.
Julenek eta Pelik, “artzainen eta gaztagileen lana eskertu” nahi izan dute lehenik eta behin, eta haientzat, “bai Idiazabal gazta eta bai ardi latxa oso bereziak” direla azaldu dute. Gazta berria usaindu orduko, “etorkizunerako begirada” transmititzen duela azaldu dute, sukaldaritzan bezala, artzaintzaren munduan ere “belaunaldi gazteak” ikusten direlako, eta haiek ere, “Idiazabal Gazta eta ardi latxa mundura zabaltzeko” konpromisoa hartu dute.
Ardi eta aharien erakusketa-lehiaketa
Bestalde, Garagartza plazan, latxa arrazako 20 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa egin da, baita ELE elkarteko bildotsen erakusketa eta ardien errape erakusketa-lehiaketa ere. Bertan, 200 abelburu inguru izan dira ikusgai. Zehazki, bi motako animaliak izan dira erakusketan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.
Garagartza Plazan, baita ere, mamia egiteko erakustaldia, ardi-jeztea eta ardien ile-mozketa saioak ere izan dira, besteak beste. Burruntzian prestatutako Euskolabel arkumea probatzeko aukera ere izan da bertan; bildutako dirua, ASPANOGI Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat izango da.
Nikolas Lekuona plazan, berriz, umeei zuzendutako ‘Artzainen Herri Kirolak’ izan dira.