Azoka berezia
Eguberritako Azoka Berezia 2023
-
2023ko EGUBERRITAKO AZOKA BEREZIA
Abenduaren 27an, asteazkena.
Abenduaren 27an, Eguberrietako aparteko azoka izango da Ordizian. Hau da, urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen azoka berezietan azkena; azoka berezi hau bikaina eta salerosketan mugimendu dezentekoa izaten da, mahaiaren inguruan ospatzen ditugun jaietarako despentsa bete ahal izateko.
Bertako produktuak atsegin dituztenentzat, Ordizia osoa bihurtzen da azokaleku, erosle eta saltzaileen arteko elkargune. Hori guztia dela eta, Ordiziako Udalak, beste hainbat erakundeekin elkarlanean, erakusketak, lehiaketak eta ekintza ugari prestatzen ditu goiz ederra igaro ahal izateko, eta jai giroan murgiltzeko. Jai giroari dagokionez, trikitilariak eta dultzaineroak ibiltzen dira kalerik kale, txoko guztiak animatzeko.
Goizeko lehen ordutik aurrera, Beti Alai pilotalekuan kapoi, antzar eta indioilar erakusketa izaten da. Eta horien ondoan ez da falta pottoka eta txahalik.
Plaza Nagusian asteroko azoka izaten da. Garagartza Plazan berriz, Euskal Herriko errege-sagar erakusketa; baita bertako fruitu lehorren eta bestelako frutaren erakusketa ere.
Ordiziako aparteko azoka zabal horretan eskuz landutako produktuek ere, bere lekua izaten dute Garagartza Plazan eta ingurumarian: foie-grasa, eztia, gazta, ogia, goxokiak,...
Honetaz gain, aparteko azoka honen babesean, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deiturak, Ordiziako Udala eta Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin elkarlanean, ohore handiz, urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei Esker Oneko Ekitaldia antolatzen du. Saritutako gure gaztagileak Ordizian izaten dira asteazkenean, Udaletxe azpiko arkupean goizeko 11.00tan ospatzen den ekitaldian.