Skip to main content

Euskal Jaietako aparteko azoka eta LII. Gazta lehiaketa

03 Iraila 2025

Irailaren 7an hasi eta hilaren 15 arte ospatuko dira Euskal Jaiak Ordizian. Aurreko urteetan bezala, egitaraua oparoa izango da aurten ere. Besteak beste, datorren asteazkenean, irailak 10, egingo den aparteko azoka eta aurtengoan bere LII. Urteurrena beteko duen latxa edo karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketa azpimarratu behar ditugu.

Gaur, Ordiziako plazan egindako aurkezpenean eman da aurtengo egitarauaren eta aparteko azokaren nahiz gazta lehiaketaren berri. Ekitaldian parte hartu dute Adur Ezenarro alkateak, Libe Otegui Turismo Zuzendariak, Garbiñe Etxezarreta Kutxa Fundazioko ordezkariak, D'Elikatuz Zentroko Leire Arandiak, HEBE elkarteko lehendakaria den Ibai Alberdik, Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen elkarteko ordezkariak, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideek. 

Euskal Jaietako aparteko azokan, giro aparta izango da aurten ere, eta goiz osoan zehar era guztietako lehiaketak eta erakusketak ikusi ahal izango ditu bisitariak. “Zalantzarik gabe Euskal Jaiak oso bereziak dira guretzako. Egitarau zabalaz gozatzeko aukera izaten dugu, eta asteazkenekoa azoka berezia izateaz gain, gure ondare den gaztak izaten du protagonismo handiena. Urtez urte pilotalekua jendez betetzen da, eta artzainek urte guztian egindako lanaren emaitza aurkezteko aukera izaten dute. Guretzako ere garrantzitsua da egiten duten lana balioan jartzea, eta balioan jartzeko modurik onena kontsumitzea da, gure bertako baserritarren produktuak erostea. Hori da gurea, bertakoa, babesteko modu onena. Aurten ere gonbita egiten diegu herritarrei Euskal Jaietaz gozatzeko, eta nola ez, asteazkeneko azoka berezira gerturatzeko”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Azken 10 urteetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileak URREZKO KUTXA GARAIKURRA irabazteko aukera izango du. 2.009. urtean irabazi zuen garaikurra lehenengo aldiz Elgoibarko Jesus Mª Ansolak, 2013an Ricardo Remiro Eulateko artzaiak bigarrenez eta 2023an Segurako Ondarre Gaztandegiko Eneko Goiburuk hirugarrenez. Aurtengoan  “S.C. Kortaria” gaztandegiko Julen Arburua (2018, 2019) eta La Leze gaztandegiko Eli Gorrotxategi eta Jose Mari Jauregi (2022, 2024) dira garaikur hau irabazteko aukera dutenak.

Garbiñe Etxezarreta, Kutxa Fundazioko ordezkariak hala nabarmendu du: “Aurten ere Kutxa Fundazioak Urrezko Garaikurra emateko aukera izango du. 1964 urtetik ematen dugun saria da, eta gure helburua Gipuzkoa bidezkoago, jasangarriago, ikasiago eta sortzaile bat lortzen lagunduko duten erantzunak sustatu eta babestea da”.  Alkatearen hitzarekin bat eginez, artzaintzari erreferentzia egin dio Etxezarretak: “ondare bihurtu den gaztagintzaren garapena sustatzea eta bistaratzea lortu nahi dugu sari honekin; eta baita sektorean egiten den lan ona aitortzea ere”. Gainera, nabarmendu du aurten bi gaztandegik dutela aukera Kutxa Urrezko Garaikurra lortzeko aukera, eta “emozio handiz” biziko dutela asteazkena.

Iraileko azoka berezi honetan bestelako lehiaketa eta erakusketak ere antolatu dira: Fruitu eta barazki-lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa, Gipuzkoako piriniar arrazako  behi-azienda lehiaketa eta Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren Aipamen Berezia. Ordiziako Euskal Jaiei buruzko informazioa aurki daiteke webgune honetan: www.ordiziakoazoka.eus.

ARDI LATXAREN EDO KARRANTZAKOAREN ESNE GORDINEZ EGINDAKO GAZTEN LII. LEHIAKETA

Aurtengoan bere LII. Ekitaldia ospatzen duen lehiaketa herrikoi hau Beti – Alai pilotalekuan izango da. Izen eman duten artzainek Idiazabal Jatorrizko Izendapena edo Artzai Gazta elkarteetan aurkeztu beharko dituzte gaztak irailaren 8rako, 12:00ak baino lehen, orduan amaituko baita izen emateko epea.

Gaztak Ordiziako D’Elikatuz Elikadura eta Gastronomia Interpretazio Zentroan jasoko dira irailaren 10ean; eta goizeko 8:45etan gaztak Beti Alai pilotalekura eramango dituzte dantzari, trikitilari eta dultzaineroek sortutako giroan eta desfile bat egingo da artzain, agintari, epaimahaikide eta Kofradiako kideekin.

Lehiaketa, goizeko 10:00etan hasiko da eta, eta hainbat sukaldari, gastronomia-adituk eta kazetarik osatuko du epaimahaia, Pedro Subijana Lehendakari dutela. Aurtengoan, epaimahai honetako kide hainbat urtetan izandako eta lehiaketaren sustapenean lan handia egindako hiru pertsonak hil ondorengo omenaldi sentitua jasoko dute; hain zuzen, Jose Mari Ustarroz (Idiazabal Jatorri Izendapeneko lehendakari ohia), Fermin Leizaola etnografoa eta Luis de Lezamak (Lezama taldeko lehendakaria) 2025 urtean zenduak.

Arratsaldeko 13:30ak aldera jakingo dugu artzain irabazlea nor den eta, ondoren, saritutako gazten enkantea egingo da. Aurtengoan ere, presentzialki frontoian parte hartzeaz gain, munduko edozein bazterretatik parte hartu ahal izango da enkantean, online modalitatean parte hartzeko aukera zabalduko baita.

Enkantean modu birtualean parte hartzeko, aurrez eman behar da izena. Horretarako, https://enkante.eus/erregistroa webgunean sartu eta eskatzen diren datuak bete behar dira.

Egunean bertan, bai enkantea eta baita lehiaketa osoa ere, streaming bidezko zuzeneko seinalearen bidez jarraitu ahal izango da.

Bestalde, 2015. urteaz geroztik gazta-lehiaketan irabazle izan diren artzainen gazten salmenta puntuak, Beti-Alai pilotalekuko frontoi txikian kokatuko dira.