Eneko Goiburuk irabazi du Ordiziako XLVIII. Gazta Lehiaketa
09 Iraila 2021
Irailak 8 zituen asteazken honetan jokatu da Latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez artzainek egindako XLVIII. Gazta Lehiaketa, Ordizian. Bertan, Eneko Goiburu (Segura) izan da garailea, 1720eko puntuazioa lortuz.
Egun berezia izan da dudarik gabe, hartu diren segurtasun eta higiene neurriek eraginda. Ateak itxita egin da ekitaldia, eta gonbidapenarekin bakarrik sartu ahal izan dira bertara. Guztira 45 gazta aurkeztu dira lehiaketara, iaz baino bi gehiago. 18 izan dira ketuak eta 27 zuriak. Hala ere, eta nahiz eta kopuruz zuriak gailendu, gehiago gustatu dira ketuak: lehen bost sailkatuen gaztak kedunak izan dira.