“Gazta honek askatasunaren usaina du”
Oiangu parkean egin da XXVI. Idiazabal Gazta berriaren aurkezpena eta gaztaren mozketa
Iragan apirilaren 15ean Artzain Eguna bertan behera uztera behartu gintuen COVID-19 pandemiak, eta urtero egin ohi den Idiazabal gazta berriaren mozketa ere, ezin izan zen burutu, baina, gaur, XXVI. Idiazabal Gazta berriaren aurkezpen eta gazta berria ebakitzeko ekitaldia egin da Ordiziako Oiangu parkean. Unai Campo, Bilboko Porrue jatetxeko sukaldariak ebaki du lehen gazta, eta La Lezek gaztandegiak Idiazabal Jatorri Izendapenak eman duen erregulartasun saria jaso dute artzainen kategorian, eta Asteasuko Goinek jaso du gaztandegiari dagokiona.
Artzain Egunean artaldea herrigunetik igarotzen da, eta gaurkoan nahiz eta ekitaldia desberdina izan, Lazkaomendiko Intzartzu etxeko Iztueta aita-semeak iritsi dira Oianguraino haien abereekin. Minutu gutxiren ondoren hasi da ekitaldia, 11:30etan, puntuan.
Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak, eskerrak ematen hasi da. “Eskerrik asko Udalarekin batera, ekitaldi hau antolatzen laguntzen diguten Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiari eta Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izenapenari, eta baita Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzari”. Alkateak nabarmendu du “garai zailak” egokitu direla, “bereziki lehen sektorearentzat”. Hala ere, ekitaldiari eutsi nahi izan diotela gaineratu du, artzainek guztion laguntza eta bultzada inoiz baino gehiago behar duten garai hauetan. Ezenarrok La Leze eta Goine Berri gaztandegiak zoriondu nahi izan ditu, eta Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariei eskari bat ere egin die: “gure herrietan Udalek ditugun baliabide geroz eta eskasagoekin ere, aurrera daramazkigun azokak mantendu eta indartzeko ezinbesteko ditugun laguntzak ez ahaztea”.
Hitza hartzen ondorengoa izan da Xabier Arruti, Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria izan da, eta haren segidan Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea. Biek gogoratu dute “beharrezkoa dela bertako produktuen aldeko apustua egitea”, eta kontsumitzaileari gogoratu diote “hemengoagatik” egin behar dela hautua.
Miriam Molina, Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerenteak aurtengo urtearen balantzea egin du, gaztandegiak garai zail hauetan egiten ari diren esfortzua mahai gainean jarriz, eta eskertuz. Hain zuzen ere, gaurko ekitaldian artzain eta gaztandegi erregularrenak saritu dira. Kontseilu Erregulatzaileak 2019 urtean bere kalitate eta erregulartasunagatik gazta egile hauek saritzea erabaki du:
Artzain ekoizle saritua: La Leze
LA LEZE Ilarduian dago, Araban. 1992an, Elik eta Jose Marik esne-ekoizle gisa ekin zioten euren jarduerari, eta 1996an, Idiazabal gazta egiten hasi ziren, euren artaldeko esnearekin bakarrik. Ordudanik, hainbat lehiaketatan lortutako sari ugari izan dira, tokikoenetatik hasi eta nazioartekoetara. Duela urte batzuk, bere seme Arkaitz familia proiektuan sartu zen, La Leze gaztandegiaren usadioari jarraituz.
Gaztandegi saritua: Goine
Asteasuko GOINE BERRIA gaztandegia Maria Jesusek eta Josebak kudeatzen dute 2007tik. Ardi latxen artalde propioa izateaz gain, Idiazabal Jatorri Izendapeneko beste artalde batzuetako esnea ere biltzen dute. Langile nekaezinak dira, ezinegon handia dutenak, etengabe berrikuntza bilatzen eta merkatu-lerro berriak irekitzen dabilen gaztandegia da.
2020ko Idiazabal gazta berriaren mozketa, urtero legez, gure gazta sustatuko duen pertsonai batek burutzen du, eta aurtengoan, Bilboko Porrue jatetxeko sukaldari den Unai Campok burutu du.
Unai Campok 17 urterekin oso garbi zeukan sukaldari izan nahi zuela eta ikasketak hasi zituen Galdakaoko Ostalaritza Eskolan. Handik Bilboko Ostalaritza munduko enpresa handi batera joan zen, eta 15 urtez bertan lanean jardun ondoren, parrillan oinarrituriko jatetxe bat irekitzea erabaki zuen.
Horretarako Oriko Xixario Erretegian denbora bat egin zuen parrillaren sekretu guztiak ikasten. Handik Bilbora itzuli eta Porrue Jatetxea ireki zuen 2009an. 2011an Ordiziako Gazta Lehiaketa irabazi zuen Ricardo Remiro Artzainaren Gazta Erdia erosi zuen enkantean. Aurten “Sol Repsol” bat jaso du Donostian ospatu den urteroko Repsol gidaren ekitaldian.
Unai Campo bereziki pozik agertu da emanaldi osoan zehar, eta harentzat ‘ohore handi bat’ dela nabarmendu du Idiazabal Gazta berriaren mozketa egiteaz arduratzea. Hain zuzen, gazta ebaki eta segituan hala mintzatu da: “Gazta honek askatasun usaina du, pixkanaka normaltasunera iristen ari garenaren usaina”. Bide batez, antolakuntzatik eskerrak helarazi nahi zaizkie bertara agertu diren komunikabide guztiei, izan duten jarreragatik eta momentuoro ezarritasko irizpideak bete eta segurtasun neurriak kontuan izateagatik.