Berriak

XXIX. Ordizia Txapeldun Gazta Lehiaketa

ordiziatxapeldun2015

 

TXAPELDUNEN TXAPELDUNA
Mendiko Gazta Jardunaldiak eta Azokaren baitan, XXIX. 'Ordizia Txapeldun' gazta lehiaketa ospatuko da larunbat eguerdian, 12:30ean hasita. Bertan, Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2007tik 2016ra) irabazleak lehiatuko dira haien artean. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.


Honako gaztagileak arituko dira lehian larunbatean: 2007 eta 2009ko irabazle Jesus Ansola Juaristi (Mausitxa baserria-Elgoibar); 2010eko irabazle J. Aranburu Elkartea (Idiazabal); 2008, 2011 eta 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Eulate), 2014ko irabazlea Ondarreko Karmele Murua (Segura), 2012 eta 2015ean irabazle izan den Jon Etxebarria (Zeanuri) eta aurtengo irabazlea izan den Joseba Insausti (Ordizia).
Hiru gazta hoberenak diru-saria jasoko dute: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen badute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzeko aukera izango dute. Lehenengoak, Urrezko Gazta irabaziko luke zortzi puntu eta erdi baino gehiago lortuz gero.


Luxuzko Epaimahaia dugu oraingo honetan ere, Jose Juan Castillo lehendakari dutela zortzi lagunek osatuko dutena: Aizpea Oihaneder (Xarma Jatetxea, Donostia), Iban Mate (Dolarea jatetxea, Beasain), Marta Albisu eta Patxi Perez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapena), Felix Ibargutxi (Kazetaria) , Gilbert Dalla Rosa (Bearn-eko Slow Food-eko lehendakaria), Fermin Leizaola (Aranzadiko Etnografia departamenduaren Zuzendaria) eta Luis Javier del Valle (Idazlea eta Asturiasko gazta lehiaketetan ohiko epaimahaikidea). Azken hiruak, Mendiko Gazta jardunaldietan hitzlari bezela jardungo dutenak dira.