ORDIZIAKO LASA HARATEGIAK IRABAZI DU EUSKAL
HERRIKO XXII. TXISTORRA LEHIAKETA
Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak, Ordiziako Udalarekin batera eta txerri-harakin eta harakin gremioaren laguntzarekin, Euskal Herriko XXII. Txistor-
Lehiaketa antolatu du Ordizian gaur, Udaletxeko arkupetan, goizeko 10:30etatik aurrera.
Kontsumitzaileen arreta bertako ohiko hainbat produktuetara bideratu nahi da Santo Tomas jaiaren atarian, hala nola, txistorra. Usadio zaharraren arabera egiten den produktuetako bat da, eta hori, zalantzarik gabe, garantiaz eta kalitateaz hitz egitea da.
Aurten 53 partaide izan dira; gehienak Gipuzkoatik, nafar batzuk, arabar bat eta aurtengoan bi bizkaitar ere bai.
Lehen saria Ordiziako Lasa Harategiarentzako izan da, 134,50 puntu lortuta. Bigarrena, Eibarko Mujika Harategiak eskuratu du (117,70 puntu), eta podiuma Elorrioko Patxi Aramberrik osatu du (115,50 puntu). Laugarren postua Dimako Zuazo Harategiak lortu du (111,50 puntu) eta Ataungo Erauskin Harategia bosgarren
gelditu da, 110,50 punturekin.
Adituek esaten dutenaren arabera, txistorra ona izateko honako ezaugarriei erreparatu behar zaie: neurria eta homogeneoa izatea, gustua, txikitua, giharra eta koipea erdibana, ontze-puntua, etab. Epaimahaikoek lehenik eta behin produktu freskoak
duen itxurari begiratuko diote: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera, eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatuko diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta, azkenik, zartaginean frijitu eta duen zaporea, usaina eta ahogozoa hartuko dituzte kontutan.
Hiru atal horietan lortutako puntuekin jakin dugu zein den Euskal Herriko
hogeitabigarren txapelketan garaile, eta hori egiaztatuko duen Txapela, garaikurra eta
diploma jaso ditu Lasa Harategiak. Bigarren eta hirugarren sarituek garaikurra eta
diploma jaso dute eta epaimahaiak, gainera, beste bi diploma eman ditu.
Epaimahaia ondorengoek osatu dute: Imanol Gaztañaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia),
Amaia Blazquez (Tximista Sagardotegia, Ordizia), Sonia Tapia (Fronton Jatetxea,
Tolosa), Xabier Zabaleta (Jakitea Elkartea), Rebeca Barainca (Galerna Jatetxea,
Donostia), Jose Juan Castillo (Sukaldaria), Ramon Roteta (Sukaldaria), Jesus Mari
Deba (Odolkigilea, Ezkio), Aitor Buendia (Radio Euskadiko “La Ruta Slow” programako
aurkezlea), Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza / Diario Vasco).
Txapelketa-mota horiekin bertakoak diren produktuen aldeko arreta piztu nahi da, eta,
aldi berean, kontsumitzaileek estimatzen duten kalitateko produktuak eginaraztea
artisauei.
Txerri-hilketarekin lotzen da txistorra, eta oso erro sendoak ditu Euskal Herrian eta
Gipuzkoan batez ere, San Tomas eguna txistorraren eta txerriaren inguruan ospatzen
baita. Usadioko txerri-hilketan gizonezkoen lana zen txerria hiltzea eta
emakumezkoena berriz, gainerakoa, esate baterako, odolkiak, lukainkak...egitea,
horretarako giharra txikitu eta gatza, piperbeltza eta abar botatzen zioten. Txistorra
egiteko txerri-haragia eta urdaia behar da, gatza, baratxuria eta piperrautsa. Hori dena,
ardi edo arkume-hestean sartu eta egurasten uzten da egun batzutan.
Aurreko 15 edizioetako irabazleak:
2004 – Cristóbal González (Andoain)
2005 – Nicolas Lasa (Ordizia)
2006 – Etxekoa (Oiartzun)
2007 – Carnicería Sebastián (Altsasu)
2008 – Patxi Larrañaga (Lasarte)
2009 – Juan Jose Aldasoro (Altsasu)
2010 – Jose Luis Muñagorri (Tolosa)
2011 - Balentin Odriozola (Azpeitia)
2012 - Balentin Odriozola (Azpeitia)
2013 -Embutidos Etxekoak (Oiartzun)
2014 – Erauskin Harategia (Ataun)
2015 – Precocinados Guesalaga (Zarautz)
2016- Txarri Txiki Harategia (Aia)
2017- Larragueta harategia (Burlata)
2018- J. Odriozola Harategia (Oñati)
2019- Lasa Harategia (Ordizia)