Ordiziako Euskal Jaiak, Euskal Herriari eta baserri giroari lotutako jaiak
02 Iraila 2011
2011ko Ordiziako Euskal Jaiak aurkezteko eguna izan da gaur. Donostian emandako prentsaurrekoan izan dira Igor Eguren Ordiziako alkatea, Miriam Molina Idiazabal Gaztaren Jatorrizko deitura batzordeko gerentea eta Iñaki Almandoz Kutxako Harreman Instituzionaletarako arduraduna.
Igor Eguren Ordiziako alkateak aurreko biei eta Juan Mari Arzak sukaldariari esker emanez hasi du aurkezpen ekitaldia. Sukaldari ezagunak ez du prentsaurrekora joaterik izan arrazoi pertsonalengatik, baina Egurenek eskerrak eman nahi izan dizkio berdin-berdin “hiru hamarkada luze daramatzalako Ordiziako azokarekiko eta jai honekiko atxikimendua ematen”. Gainera, Juan Jose Castillori omenaldia egingo zaio aurten urteetan azokaren alde egin duen lanagatik.
Eskerrak eman ondoren, honela jarraitu du alkateak: “Euskal jaiak, euskaldunon kultura, hizkuntza, historia eta ohiturak azpimarratzen dituzten jaiak dira. Euskal Herrian eta, bereziki, Goierrin, nekazal-munduari, baserri munduari lotutako jaiak dira. Herria eta baserriaren arteko lotura hori abiada bizian galtzen aritu gara azken hamarkadaotan, eta euskal jaiak folklore hutsean gera ez daitezen, bertako produktuak kontsumitzeko ohitura berreskuratzea oinarri duen ikuspegi orokorrean txertatu behar ditugu. Hori izango da udal berriaren ardura datozen urteetan.
Bihar, irailak 3, hasi eta hilaren 11ra arte egingo diren Ordiziako Euskal Jaien aurtengo edizioa aurkeztea da gaurko xedea. Eta aurten ere egitarau zabala dugu eskaintzeko. Adin guztietarako. Bihar haur jokoekin hasi eta datorren igandean Lazkao Txiki Bertso Paper Lehiaketarekin amaitu bitarte denetarik ikusi eta gozatu ahalko dugu Ordizian: haurrentzako jolasak, erakustaldi gastronomikoak, kontzertuak, herri kirolak, etab. Guzti guztiak euskal kulturari, gure kulturari, estu lotuak.
Asteazkenean, hilaren 7an, izango da, urtero legez, Euskal Jaietako egun handia. Goizean goiztik, gazta, ganadu, fruta eta barazkien, lumagorrien eta perretxikoen erakusketa eta lehiaketak izango dira, baserri giroaz, gure giroaz, gozatzeko parada ezin hobea.
Jakina da, Euskal Jaietako asteazkenari ospea Artzai Gaztaren Lehiaketak eman dioala eta aurten ere izango da berrikuntzarik horretan. Ordizia bere ohiturak galtzen ez dituen herria da, baina iragana aintzat hartuz, oraina bizi eta etorkizunean pentsatzen duena. Teknologia berrien presentzia izango da aurtengo aldaketetako bat, izan ere, Ordiziara bertaratu ezin den edonork segitu ahalko du azoka sare sozialen bitartez. Eta ez hori bakarrik. Artzai Gaztaren Lehiaketa amaitu orduko, arratsaldeko 14:00etatik aurrera eta hurrengo 6 egunetan, lehiaketan 2. eta 3. saria lortu duten gazta erdiak internetez subastatuko dira www.ordiziakoazoka.com/enkante webgunean.
Euskal Jaien helburuen artean ikuskizunarena nagusitu ohi da. Onartzen dugu helburu hori ere bete behar dugula, baina ezin dugu ahaztu “euskal” jaiak diren neurrian, geure identitatea indartzeko helburua bete behar dutela. Eta identitate hori gordetzeko baserriak duen garrantziagatik, gure baserritarrak omentzeko balio behar dutela jaiok. Gainera, baserri giroari lotutakoak izanik, gure lurreko produktuak aldarrikatzeko balio behar dute eta produktuok promozionatzeko, eta horrela lurraren defentsa aldarrikatzeko. Eta azkenik, jaiak diren neurrian, herritarrek ondo pasatzea ere izan behar dute helburu, bai festa egun horietan bertan, baina baita ere festaren antolaketarako elkarlanean. Eta hor guretzat parte hartzea bultzatzea ezinbestekoa da.
Bukatzeko, Euskal Jaiek aipatu ditugun helburuak betetzea nahi badugu, ona izango da beti kanpoko jendea erakartzea. Ordiziak eta Goierri osoak Euskal Herriari zerbait eskaintzeko baldin badu, gure ustez ona da hori ahalik eta jende gehienena iristea. Baina beti ere garbi izan da zeintzuk diren Euskal Jaien helburuak. Euskal Jaietan bustiko diren bisitariak nahi ditugu, festa bizitzera etorriko direnak, edota zerbait ikastera, edota zuzenean bertako produktuak kontsumitzeko konpromiso edo ohiturak hartuko dituztenak. Gonbidatuta zaudete guztiok. Eskerrik asko”.
Alkatearen ondoren, Miriam Molina Idiazabalgo Gaztaren Jatorrizko deitura batzordeko gerenteak jarraitu du. Asteazkeneko lehiaketak artzainentzat duen garraintzia azpimarratu du berak, haiek baitira eguneko protagonista nagusiak eta ilusio handiz bizi dutelako eguna. Azken 5 urteetan artzain gazteen kopuruak gora egin duela aipatu du Molinak, eta horrek gaztandegi kopurua 125eraino igotzea ekarri duela Hego Euskal Herrian.
Aurtengo gazta ekoizpenak pixka bat behera egin badu ere, % 17 hain zuzen ere, salmentak murriztu direlako, 1.220 tonelada baino gehiago ekoiztu dituzte.
Lehiaketari dagokionez, Molinak hainbat berrikuntza azaldu ditu: lehiaketarako gaztak astelehenean jasoko dituzte, tenperatura berdinean lehiatzen direla bermatzeko eta egunean bertan, desfile bat egingo dute herrian zehar jendeak gertutik gaztak ikusteko aukera izan dezan.
Azkenik, Iñaki Almandoz Kutxaren (Euskal Jaien babeslea) ordezkariak hitz egin du eta Gipuzkoak horrelako ekitaldiak antolatzeko duen indarra goraipatu du, baita Kutxak Gipuzkoako herriekin duen konpromisoa ere.