LEKUONA GAZTANDEGIAK IRABAZI DU ORDIZIAKO GAZTA LEHIAKETAREN LIII. EDIZIOA
10 Iraila 2026
Donostiako El Vaskito jatetxeak eraman du gazta erdia enkantean, 5.400 eurogatik
Ordiziak gaur, irailak 9, ardi latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako gazten LIII. Lehiaketa ospatu du Beti-Alai pilotalekuan. Euskal Jaietako ekitaldi nagusietako bat da, eta urtero bezala, gaztagile, artzain, epaimahaikide eta gazta zale ugari bildu ditu.
Lekuona gaztandegiak lortu du aurtengo lehen saria, 2.569 punturekin. Diploma, diru saria, 12.000 etiketa, eta Kutxa Fundazioaren trofeoa jaso ditu. Ondarre gaztandegiak eskuratu du bigarren postua, 2.555,5 punturekin, eta Aizpea gaztandegiak hirugarrena, 2.553,5 punturekin.
Lehen bost sailkatuak
1. LEKUONA – Lekuona Ruiz de Luzuriaga U. – Naturala – 2.569 puntu
2. ONDARRE – Goiburu Murua, Eneko – Ketua – 2.555,5 puntu
3. AIZPEA – Aizpea S.C. – Ketua – 2.553,5 puntu
4. INFERNUKO GASNA – Kortaria S.C. – Ketua – 2.476,5 puntu
5. IRURI – Bostabieta S.C. – Ketua – 2.442,4 puntu
Lehiaketako epaimahaia Jatorri Izendapenetako teknikariek, sukaldariek, gastronomia-adituek eta kazetariek osatu dute, Pedro Subijana lehendakari dela.
Gaztak goizean jaso dira D'Elikatuz Elikadura eta Gastronomia Interpretazio Zentroan, eta 8:45ean Beti-Alai pilotalekura eraman dituzte, dantzari, trikitilari eta dultzaineroen musikaz lagunduta. Desfilean artzainak, agintariak, epaimahaikideak eta Gazta Kofradiako kideak ere izan dira.
Aurtengo edizioan, gainera, aurten hil diren Kofradiako hiru kideen omenez minutuko isilunea egin da. Bestalde, Euskal Sukaldaritza Berriaren mugimenduak 50 urte bete dituenez, eta mugimenduko hainbat ordezkari pilotalekuan izan direnez, antolakuntzaren omenaldi xumea jaso dute.
Irabazlearen gaztaren enkantea
Lehiaketaren ondoren, irabazlearen gaztaren erdia enkantean jarri da. Donostiako El Vaskito jatetxeak 5.400 euro ordaindu ditu Lekuona gaztandegiaren gaztaren erdiagatik.
Beste lehiaketak
Gazta lehiaketaz gain, beste batzuk ere izan dira gaurko egunez. Hementxe emaitzak:




