Irailaren 3an hasi eta hilaren 11 arte, iraungo du aurtengo Euskal Jaiak Ordizian. Aurreko urteetan bezala, egitaraua oparoa izango da. Besteak beste, datorren asteazkenean, irailak 7, egingo den aparteko azoka eta latxa edo karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketa azpimarratu behar ditugu.
Oraingo honetan ere, Ordiziako azokan giro aparta izango dugu, eta goiz osoan zehar era guztietako lehiaketak, erakusketak eta enkanteak ikusi ahal izango ditu bisitariak.
Azken 10 urteetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileak URREZKO KUTXA GARAIKURRA irabazteko aukera izango du. 2.009. urtean irabazi zuen garaikurra lehenengo aldiz Elgoibarko Jesus Mª Ansolak eta orain dela bost urte (2013) Ricardo Remiro Eulateko artzaiak bigarrenez. Aurtengoan Ipiñaburu gaztandegiko Jon Etxebarria Zeanuritarra (2012,2015), S.C. Kortariako Julen Arburua lekaroztarra (2018,2019) eta Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburu Segurarra (2014,2021) dira aukera dutenak.
Irailaren aurreneko asteazkeneko azokan bestelako lehiaketak ere antolatu dira: Fruitu eta barazki-lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa, Gipuzkoako piriniar arrazako behi-azienda lehiaketa eta Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren Aipamen Berezia. Aldi berean, hainbat erakusketa izango da: Perretxikoak, Euskal Oiloa eta nekazal tresneria eta makinaria.
Ordiziako Euskal Jaiei buruzko informazioa aurki daiteke webgune honetan: https://www.ordiziakoazoka.eus/azoka-bereziak/euskal-jaiak/euskal-jaietako-egitaraua