Eguraldia lagun, giro paregabean joan da aurtengoan Gabonetako Azoka Berezia. Hau da, urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen azoka berezietan azkena; azoka berezi hau bikaina eta salerosketan mugimendu dezentekoa izan delakoan gaude, mahaiaren inguruan ospatzen ditugun jaietarako despentsa bete ahal izateko.
Bertako produktuak atsegin dituztenentzat, Ordizia osoa bihurtu da orain ere azokaleku, erosle eta saltzaileen arteko elkargune. Hori guztia dela eta, Ordiziako Udalak, beste hainbat erakundeekin elkarlanean, erakusketak,eta ekintza ugari prestatu ditu goiz ederra igaro ahal izateko, eta jai giroan murgiltzeko.
2019 URTEAN NAZIOARTE MAILAN SARITUAK IZAN DIREN IDIAZABAL J.I. GAZTANDEGIEI AITORTZA EKITALDIA
Ordiziako Gabonetako Azoka Bereziaren baitan, Idiazabal Jatorri Izendapenak, ohore handiz ospatu du, Ordiziako IDIAZABAL GAZTAREN KOFRADIAREkin elkarlanean, 2019an Nazioarte mailan sarituak izan diren Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztandegien aitortza ekitaldia. Izaro Iraetak aurkeztu du ekitaldia, erakundeetako ordezkariak lagun zituela (Ordiziako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua...) eta gaurko protagonistak izan diren gaztagile sarituak zoriondu nahi izan dituzten beste hainbat lagun.
Ekitaldia Igor Eguren bertsolariaren bi bertsorekin hasi da ondoren erakundetako ordezkariek gaztandegiei eskertza hitzak zuzendu dizkietelarik, Jatorri Izendapena eta Idiazabal Gaztaren sustapenean egiten duten lanagatik. Ametsbide taldeko dantzariek Ordiziako txistularien laguntzaz dantzatu duten agurrak eta taldeko argazkiak eman dio amaiera ekitaldiari. Ekitaldian parte hartu dute Jose Mari Ustarroz, Idiazabal Jatorri Izendapeneko Lehendakariak, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikarako Sailburuordeak, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapen Zuzendariak, Juan Manuel Inchaurrandieta INTIAko zuzendariak, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eta Jesus Mari Ormaetxea, Idiazabal Gaztaren Kofradiako Maisu Handiak.
Izaro Iraetak, banan banan saritu guztiak aurkeztu ditu, ospatu den azken Lehiaketatik hasiz:
Hamairugarren urtea da Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztandegiek WORLD CHEESE AWARDS lehiaketan parte hartzen dutela eta aurreko urteetako bezain emaitza bikainak ateratzen dituztela. Emaitza ezinhobea izan da aurtengoan ere, 59 domina lortuz: Munduko Ketu onenari domina, Super Urrezko Urrezko 1, urrezko 10, zilarrezko 19, eta brontzezko 29
Beste lehiaketan hauetan ere sariak jaso dituzte: 2019 "Gourmet Quesos" lehiaketa, Zafrako Artisau gazten lehiaketa eta Great Taste 2019.
“MARIANE” REN AURKEZPENA
D´elikatuz Elikadura eta Gastronomia zentroak 10 urte betetzearekin batera, azoka batzordetik lantzen ari zen ekimena martxan jartzea lortu zen 2015ean; Ordiziako kasko historikoaren tematizazioa, azokaren historian protagonista izan diren pertsonaien eskultura edo irudien bitartez, hain zuzen. 2015 amaieran Goizaneri eman zitzaion ongi etorria, gaztain egurrez eginiko emakume baserritarra eta Ordiziako Azoka Plazan kokatua Udaletxeari begira. 2017ko Artzain Egunean, Peru artzainaren txanda izan zen, Jakes etxean kokatzen dena, besoan daraman arkumea lagun duela.
Oraingo honetan, Mariane baserritarrari egin diogu harrera, Ordiziako azokara, asteazkenero, bere ama eta amonak egin izan duten modura, “Oilo” kalean (egun Domingo Goitia kalea) jartzen den baserritarra eta otarra arrautza bete dakarrena. Hiru pertsonaia hauek Javier Arrieta eskultore zegamatarrak eginak dira Urkiri Salaverriaren aholkularitzarekin.