Berriak

Gipuzkoako XVIII. Odolki Lehiaketaren emaitzak

gipuzkoaodolki2016web

ORDIZIA

GIPUZKOAKO XVIII. ODOLKI TXAPELKETA

Beasaingo Iñaki Mujika Harategiak irabazi du aurtengoan Ordiziako asteazkeneko azokaren baitan ospatu den Gipuzkoako XVIII. Odolki Lehiaketa. Sarituak izan dira baita ere Jesus Mª Deba (Ezkio-Itxaso) ; Iñaki Ormazabal (Beasain); Ezeiza Harategia (Ordizia), eta Mujika Odolkiak (Ordizia). Gipuzkoa osotik etorritako 17 egile aurkeztu dira lehiaketara, hauetatik 3 Beasaindik, 2 Arrasate eta Ordiziatik eta bat Aia, Asteasu,Ataun, Ezkio, Lasarte, Mutriku, Orio,Tolosa, Zaldibia eta Zegamatik.

Aurreko urteetan bezala, Goierriko udalerriak babestu du Gipuzkoako Harakinen gremioak antolatutako txapelketa. Helburua artisau modura egiten den produktuaren sustapenean laguntzea da. Izan ere, odolkiak denboraldi honetan; hori da, azaroaren 11tik –San Martin- Gabonak bitarte du produkzio gehien.

Gipuzkoako odolkia barazkiekin egiten da eta ezaugarri berberak ditu lurralde osoan. Hestekiaren osagai nagusiak hauek dira: kipula, porrua, espeziak, gantza eta txerri haragia eta koipea. Hala eta guztiz ere, ez daude bi odolki berdinak, izan ere urdaigile bakoitzak etxean herentziaz jasotako "sekretuak erabil ditzake. Beste batzuek, modari erreparatzen diote eta euren bezeroen gustuetara moldatzen dute produktua. Horrela, odolkiaren azken zaporean zeresana dute aukeratutako espeziak, barazkiaren xehea edota erabilitako koipe kopuruak. Guzti hauekin aukera desberdinak sortu eta eskaintzen dira, produktu berezi honen azken emaitza aberastuz.

Gaur aukera izango dugu Azokan bertan odolkia nola egiten den ikusteko, Mutiloako Juanita Murgiondo, Resu Olaetxea eta Juanita Aranbururen eskutik.
Epaimahaiak honako ezaugarriak hartu ditu aintzat: itxura (tripa eta hestea), egosketa (ebaketa), xehea, testura, zapore-gustua (espeziak) eta amaierarako gustua.Hiru mahaitan banatuta, honako adituek osatu dute epaimahaia: Joxean Eizmendi (Ilarra Jatetxea, Donostia), Aizpea Oihaneder (Xarma Jatetxea, Donostia), Ramon Bereziartua (Fagollaga jatetxea, Hernani) Matias Gorrotxategi (Casa Julian, Tolosa), Juan Manuel Garmendia (Asador Kattalin, Beasain); eta Imanol Gaztañaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia) sukaldariek; Juan Garmendia harakin ohiak (Ordizia), Benita eta Kontxi Mujika tabernari ohiak eta Luis Mocoroa (Gastronomiaren Euskal Anaiarteko Lehendakaria).

Kontakturako telefonoak:
Iñaki Zubeldia: 943 882747
Jesus Mª Deba: 943721710
Iñaki Ormazabal: 943880196