Skip to main content

Gabonetako Azoka Bereziaren aurkezpena

21 Abendua 2012

ORDIZIA

2012ko EGUBERRIETAKO AZOKA BEREZIA

Abenduaren 26an, asteazkena.

Datorren asteazkenean, abenduaren 26an, Eguberrietako aparteko azoka izango da Ordizian. Hau da, urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen azoka berezietan bosgarrena eta urteko azkena; azoka berezi hau bikaina eta salerosketan mugimendu dezentekoa izan ohi da, ospakizun egun hauetako mahaia hornitzera begira.

Beste behin Ordizia azoka leku eta baserritar produktuen erakusleiho zabalenean bihurtuko da, erosle eta saltzaileen arteko elkargune.

Datorren asteazkenean Ordizian Goizeko lehen ordutik aurrera, Beti Alai pilotalekuan kapoi, antzar eta indioilar erakusketa izango da. Eta horien ondoan ez da faltako pottoka eta txahalik.

Plaza Nagusian asteroko azoka izango da eta bertaratzen den guztiak bertan egiten duen 5€ko erosketa bakoitzeko 1€bateko deskontu txartela lortuko du plazako beste postu batean egiten duen 5€tako erosketatik deskontatzeko aukerarekin urtarrilaren 30a arte. Eta pare parean, eguerdiko 12.00tan, Udaletxe azpiko arkupeetan 2012 urtean zehar Nazioarte mailan sarituak izan diren Idiazabal Gazta ekoizleek merezitako errekonozimendua jasoko dute (sarituen zerrenda atxikitzen dugu). Justu ekitaldi honen aurretik, goizeko 11.00tan Idiazabal Jatorri Izendapeneko dastaketa batzordeko teknikari den Bittor Rodriguezek gidatuta gazta dastatze komentatu bat burutuko da eta Ordiziako lehiaketa 2003an irabazitako Pascual Lopez de Uralde artzaiak gazta zuzenean nola egiten duen ikusteko aukera ere izango da.

Garagartza Plaza berriz, erakusketa gune bihurtuko da, Euskal Herriko errege-sagar bertako fruitu lehorren eta bestelako frutaren erakusketa zein txerri erakusketarekin. Inguru berean, Ordiziako aparteko azoka zabal horretan eskuz landutako produktuek ere, bere lekua izango dute: foie-grasa, eztia, gazta, ogia, gozokiak,...

Azokaren V. Mendeurrenari amaiera ematen ari garen honetan, Lemniskata Zientzia Elkartearen lankidetzarekin Ordiziako Azokan ohiko ditugun hainbat produkturen jatorrian murgiltzeko aukera izango dugu. Aparteko Azoka honetako puntu desberdinetan kokatuko dugu produktu hauei buruzko informazio fitxa bana, bakoitzaren amaieran galdera bera errepikatuko delarik: Produktu hau Ordiziako Azokan aurkitzerik ba al zegoen orain dela 500 urte? Produktu guzti hauetatik 5 produkturi dagokion erantzun zuzena D´elikatuz Zentroan ematen duen orok, bertako produktu lote bat eskuratzeko zozketan parte hartuko du.

Azkenik aipatu, D´elikatuzen eta San Telmo Museoak utzitako edukiekin "Munduko Merkatuak" Erakusketa izango dela ikusgai abenduak 30 arte. Bocado Taldeak antolaturiko eraskusketa da Mikel Alonsoren argazkiekin.

Zalantzarik gabe, goiz eder eta atsegina pasatzeko aukera bikaina izango du Eguberrietako azoka berezi honetara, asteazkenean, hilak 26, Ordiziara etortzen denak.