Gaur goizean ospatu da Ordiziako Udaletxeko arkupeetan Euskal Herriko XXIII. Txistorra lehiaketa. Goizeko 10:00etan hasi da dastaketa, eta 54 partaide izan dira guztira. Bertan, puntuazio onena Miren Pagolak eskuratu du (Tolosa, 59,50 puntu), ondoren Precocinados Gesalaga (Zarautz, 57 puntu) eta Juan Jose Etxezarretak (Donostia, 55 puntu) osatu du podiuma. Laugarren eta bosgarren postua, hurrenez hurren, Javier Vadillo (Legazpi, 54,50 puntu) eta Carnicas Irigibelentzat izan dira (Huarte, 54 puntu).
Sari banaketaren aurretik, 2020ko maiatzean utzi gintuen eta hainbat urtetan Epaimahaikide izan genuen Beasaingo Kattalin Erretegiko eta JAKITEA elkarteko kide zen Juan Manuel Garmendiaren alargunari, Arantxa Agirrezabalari, oroigarri bat eman zaio Ordiziako Udalaren izenean esker onez.
Adituek esaten dutenaren arabera, txistorra ona izateko honako ezaugarriei erreparatu behar zaie: neurria eta homogeneoa izatea, gustua, txikitua, giharra eta koipea erdibana, ontze-puntua, etab. Epaimahaikoek lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratu diote: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera, eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatu diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta, azkenik, zartaginean frijitu eta duen zaporea, usaina eta ahogozoa hartu dituzte kontutan.
Hiru atal horietan lortutako puntuekin Pagolak aurkeztutakoa izan da Euskal Herriko hogeitairugarren txapelketan garaile, eta hori egiaztatuko duen txapela, garaikurra eta diploma jaso ditu. Bigarren eta hirugarren sarituek garaikurra eta diploma jaso dute eta epaimahaiak, gainera, beste bi diploma eman ditu.
Epaimahaia ondorengoek osatu dute: Aizpea Oihaneder (Xarma Cook & Culture, Donostia), Iker Markinez (kuko Jatetxea, Ormaiztegi), Xabier Ruiz Ochoteco (Casa Nicolas, Tolosa eta JAKITEA elkarteko ordezkari), Aitzol Zugasti (Aholkulari Gastronomikoa eta Basque Culinary Center-eko irakaslea), Ariane Vierbücher (Goierriko Hitza), Josu Zabala (Goierri Irrati Telebista), Jone Karres (Turismo gastronomikoan aditua) eta Eli Belaunzaran (El Diario Vasco). Txapelketa-mota horiekin bertakoak diren produktuen aldeko arreta piztu nahi da, eta, aldi berean, kontsumitzaileek estimatzen duten kalitateko produktuak eginaraztea artisauei.
Txerri-hilketarekin lotzen da txistorra, eta oso erro sendoak ditu Euskal Herrian eta Gipuzkoan batez ere, San Tomas eguna txistorraren eta txerriaren inguruan ospatzen baita. Usadioko txerri-hilketan gizonezkoen lana zen txerria hiltzea eta emakumezkoena berriz, gainerakoa, esate baterako, odolkiak, lukainkak...egitea, horretarako giharra txikitu eta gatza, piperbeltza eta abar botatzen zioten. Txistorra egiteko txerri-haragia eta urdaia behar da, gatza, baratxuria eta piperrautsa. Hori dena, ardi edo arkume-hestean sartu eta egurasten uzten da egun batzutan.
1º) Miren Karmele Pagola Balda – Tolosa - 59,50 Puntu
2º) Precocinados Gesalaga - Zarautz - 57,00 Puntu
3º) Juan José Etxezarreta – Donosti - 55,00 Puntu
4º) Javier Vadillo – Legazpi - 54,50 Puntu
5º) Cárnicas Irigibel – Huarte - 54,00 Puntu
Aurreko 15 edizioetako irabazleak:
2005 – Nicolas Lasa (Ordizia)
2006 – Etxekoa (Oiartzun)
2007 – Carnicería Sebastián (Altsasu)
2008 – Patxi Larrañaga (Lasarte)
2009 – Juan Jose Aldasoro (Altsasu)
2010 – Jose Luis Muñagorri (Tolosa)
2011 - Balentin Odriozola (Azpeitia)
2012 - Balentin Odriozola (Azpeitia)
2013 -Embutidos Etxekoak (Oiartzun)
2014 – Erauskin Harategia (Ataun)
2015 – Precocinados Guesalaga (Zarautz)
2016- Txarri Txiki Harategia (Aia)
2017- Larragueta harategia (Burlata)
2018- J. Odriozola Harategia (Oñati)
2019- Lasa Harategia (Ordizia)
2020- COVID-agatik bertan behera.
2021- Miren Pagola (Tolosa)