Euskal Herriko II. eta Gipuzkoako XXVII. odolki lehiaketa ospatuko da azaroaren 25ean
24 Azaroa 2026
Euskal Herriko odolki egile eta harakinek hitzordua dute, azaroaren 25ean, Ordizian. Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak Ordiziako Udalarekin batera Euskal Herriko II. Odolki Lehiaketa eta Gipuzkoako XXVII. Odolki lehiaketa antolatu baitute. Euskal Herriko txapelketako irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jasoko du, eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatzen direnei diploma eta garaikurra bana emango zaie; laugarren eta bosgarren sailkatuei diploma. Euskal Herriko I. Odolki lehiaketako lehen gipuzkoarrak Gipuzkoako XXVII. lehiaketako saria izango du, txapela, garaikur eta diplomarekin.
Odolki onena zein den erabakiko duen epaimahaia gastronomia eta beste arlo batzutako adituez osatuko da. Aurtengoan, Ordizian izango dira: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Arantxa Arrizabalaga (Kattalin Erretegia, Beasain), JAKITEA elkarteko Andoni Chinchilla (HK10 Hotela, Urnieta) eta MAHAIA kolektiboko Mertxe Inza (Iriarte Jatetxea, Berrobi) sukaldariak., Juanma Garmendia (FECOGA kofradia gastronomikoen federazioko lehendakaria); Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza) eta Eli Belauntzaran (Diario Vasco) kazetariak, Antxon Corral (CEBANC ostalaritza eskolako hezkuntza zuzendaria) eta zozketaz erabakiko den Ordiziako herritar bat.
Odolkia dastatzerakoan, azken batean, txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka behar du: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute.
Lehiaketa honen bitartez, betiko produktu honen kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi da. Halaber, kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita Euskal odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere.
Lehiaketa martxan dagoen bitartean, Ordiziako Jakintza Ikastolako ikasleak odolki pintxoak salduko dituzte eta lortutako diru sarrerak ikasleek aukeratutako helburu batera bideratuko dira.




