Skip to main content

Azaroaren 27an ospatuko da Gipuzkoako XXI. Odolki Lehiaketa

21 Azaroa 2019

ASTEAZKENA , Azaroak 27, PLAZA NAGUSIA 10.30etan

GIPUZKOAKO XXI. ODOLKI LEHIAKETA

Gipuzkoako odolki egile eta harakinek hitzordua dute asteazken honetan, azaroaren 27an, Ordizian. Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak Ordiziako Udalarekin batera Gipuzkoako XXI. Odolki lehiaketa antolatu baitute. Irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jasoko du, eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatzen direnei diploma eta garaikurra bana emango zaie; laugarren eta bosgarren sailkatuei diploma.
Odolki onena zein den erabakiko duen epaimahaia gastronomia eta beste arlo batzutako adituez osatuko da. Aurtengoan, Ordizian izango dira:  Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Juan Manuel Garmendia (Kattalin Erretegia, Beasain), Imanol Gaztañaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia); Jose Antonio Mujika eta Juan Garmendia harakin ohiak (Ordizia), Kontxita Mujika, tabernari ohia (Ordizia), Luis Mokoroa (Euskal Gastronomia Anaiarteko Lehendakaria), Fede Pacha irakaslea (Luis Irizar sukaldaritza eskola, Donostia), Laura Tamayo (Basque Culinary Center-eko irakaslea), Nuria Perez (Goierri Telebista) eta Lierni Elortza (Goierriko Hitza) kazetariak eta Jone Karres (turismo gastronomikoan aditua).

Odolkia dastatzerakoan, azken batean, txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka behar du: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute.
Lehiaketa honen bitartez, betiko produktu honen kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi da. Halaber, kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita gipuzkoar odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere.
Honez gain, Ordiziako Azokaren 12 produktu 12 hilabete ekimenaren baitan odolkiaren ekoizpen prozesua Plaza Nagusian ikusteko aukera egongo da Juanita Murgiondo baserritarraren eskutik.

Gipuzkoako XXI. Odolki lehiaketa

  • OINARRIAK -

  • 1. Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, Gipuzkoan harategi, txerri-egile eta odolki egileak, dagokien epigrafe fiskalean alta emanda daudenak eta dagokion osasun baimena eta bere kasuan osasun-erregistroa dutela egiaztatzen dutenak.
    2. Gipuzkoako odolki bezala ulertzen da ondorengo osagaiak soilik dituena: tipula, porrua, odola, txerriaren gantza eta espeziak bere kasuan, guzti hori heste naturalean beteta.
    3. Izen-ematea azaroaren 8an irekiko da eta azaroaren 22an amaituko da; horretarako ondorengo telefonora deitu beharko dute: 943 425557 (Gipuzkoako Harakin eta txerri-egile elkarteko egoitzara), non izena eta helbidea hartuko zaien.
    4. Lehiakide bakoitzak 7 ODOLKI emango dizkio antolakuntzari, hauek mezulari batek jasoko dituelarik. Odolki gehigarriak Ordiziako ikastetxeetako ikasleen urte amaierako bidaiaren ordainketarako erabiliko da, berauek Lehiaketaren antolaketan egiten duten lana eskertuz.
    5. Epaimahaiak dagozkion dastaketa irizpideak erabiliko ditu bere epaia emateko.
    6. Epaimahaia Gastronomia eta ostalaritzan adituak diren pertsonek osatuko dute.
    7. Irabazlea, epaimahaiaren esanetan puntuazio altuena lortu duena izango da eta lehen postua ez da hutsik geldituko.
    8. Antolakuntzak ondorengo sariak emango ditu:
    a. Garaikurra, Txapela eta diploma lehen sailkatuarentzat.
    b. Garaikurra eta diploma bigarren eta hirugarren sailkatuarentzat.
    c. Diploma laugarren eta bostgarren sailkatuentzat.
    9. Lehiaketaren data azaroaren 27an izango da (asteazkena), Ordiziako Plaza Nagusian goizeko 10.30tan.
    10. Lehiaketako emaitzari buruzko edozein alegazio edo erreklamazio idatziz egin beharko da, bertan erreklamazioa egiten duenaren izena eta arrazoiak azalduz. Baldintza hauek betetzen ez dituzten erreklamazioak ez dira onartuko.