Berriak

Artzain Eguna 2012 Apirilaren 11an

ARTZAINkartelaweb

 

Apirilaren 11an Artzain Eguna ospatuko du Ordiziak

• 2.000 ardik baino gehiagok zeharkatuko dute herria

• Basque Culinary Center-ek moztuko du gazta eta Sustraia (EITB) omendua izango da

• Erregulartasun-kalitate sariak Pedro Zuzuarregik (Tolosa, Gipuzkoa) eta Miguel Aisak (Riezu, Nafarroa) jasoko dituzte

Ordizian 2012ko feri berezien egutegiari hasiera emango dion Artzain Eguna ospatuko da apirilaren 11ean Ordizian. Artzainak eta gazta dira protagonista goiz horretan. Besteak beste, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egingo da, Basque Culinary Center-en eskutik.

Ordiziako Udalak honako erakunde hauekin batera antolatu du azoka: Enirio-Aralarko Mankomunitatea, Mendiko Artzaintza Lan Taldea, Artzain Gazta, ELE Latxa-ardiaren Gipuzkoako Elkartea, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia.

Goizean goiz ekingo zaio egunari, Plaza Nagusian eta inguruetan egingo den asteroko azoka izango da protagonista, aurten gainera, 500. urteurrena ospatzen ari da. Horrez gain, gazta, Goierriko produktu eta Gipuzkoako artisauen saltokiak jarriko dira.

Aharien erakus- lehiaketa

Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da. Bertan, 200 abelburu inguru izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalitate eta kopuruz Euskal Herriko bakarra.

Bi motako animaliak izango dira lehiaketa-erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.

Mutur-gorrien kasuan Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak izango dira ikusgai. Mutur-beltzetan, berriz, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.

Latxaren lehiaketa morfologikoa izango da. Baina, animali horien arraza estandarrean oinarrituko dira epaileak ardi latxaren hautapen-eskeman sartu gabeko animaliak puntuatzean. Era berean, hautapen-eskemako animalietan, genealogia-balioak izango du lehentasuna (gurasoak, kumeak), morfologiaren gainetik.

Garagartza Plazan gazta egingo da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki. Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izango dira. Esaterako, ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.

Transhumantzia birgogoratuz

Goizeko 11.00ak aldera, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibiliko dira 2.000 ardi baino gehiago. Era horretan, gaur egun, garraioak ematen dituen aukerei esker ahaztua dugun pasadizoa bizi ahal izango dugu.

Basque Culinary Center eta Sustraia

11:15etan, Ordiziako Udaletxeko Batzar aretoan, Basque Culinary Center-ek Idiazabal gazta gaztea ebakiko du. Baina, aldez aurretik, EITBko "Sustraia" saioari omenaldia egingo zaio artzain mundua gizarteratzen egin duen lanagatik. Baita, gaztaren erregulartasun-kalitate sariak banatuko zaizkie Tolosako Pedro Zuzuarregi artzainari eta Riezuko (Nafarroa) Miguel Aisaren gaztandegiari ere.

Ohitura den moduan, goiz guztian zehar Garagartza Plazan 40 arkume burruntzian prestatuko ditu Karlos Ibarrondok. 11.30etatik aurrera arkume pintxoak salgai jarriko dira eta bildutako dirua ASPANOGIrentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izango da.

EGITARAUA

9:00- Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa Garagartza plazan.

Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzi eran erreketa Garagartza Plazan.

11:00- Artaldeak igaroko dira gune Historikoan barrena.

11:15- Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, Udaletxeko Batzar aretoan. Basque Culinary Center-ek ebakiko du gazta berria.

Aldez aurretik, EITBko "Sustraia" saioa omenduko da, eta gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak emango dira.

11:30- Gazta egitea, Garagartza plazan.

11:30- Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, ASPANOGIren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen, alde.

12:15- Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.

13:00- Lehiaketen garaikur-banaketa, Garagartza Plazan.

***Goizean asteroko ohiko feria egingo da, gazta-salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak ere jarriko dira. Trikitilariek eta dultzaina-joleek alaituko dute herria.