Ordizian 2023ko azoka berezien egutegiari hasiera emango dion Artzain Eguna ospatuko da apirilaren 12an. Artzainak eta gazta dira protagonista goiz horretan. Besteak beste, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egingo da, Donostiako Rekondo Jatetxeko Lourdes Rekondoren eskutik.
Ordiziako Udalak honako erakunde hauekin batera antolatu du azoka: ELE Latxa-ardiaren Gipuzkoako Elkartea, Lurgintza, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia.
Goizean goiz ekingo zaio egunari, Plaza Nagusian eta inguruetan egingo den asteroko azoka izango da protagonista. Horrez gain, gazta, Goierriko produktu eta Gipuzkoako artisauen saltokiak jarriko dira.
Aharien erakusketa-lehiaketa
Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da. Bertan, 200 abelburu inguru izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalitate eta kopuruz Euskal Herriko bakarra.
Bi motako animaliak izango dira erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.
Mutur-gorrien kasuan Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak izango dira ikusgai. Mutur-beltzetan, berriz, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.
Garagartza Plazan gazta egingo da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki. Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izango dira. Esaterako, mamia dastatzea eta eguerdi partean ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.
Transhumantzia birgogoratuz
Goizeko 11.00ak aldera, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibiliko dira 2.000 ardi baino gehiago. Modu honetan antzinatik egin izan den eta denbora berriek zailtzen duten menditik haranerako eta alderantzizko desplazamendua gogoratuz, askok oinez eta errepidetatik egin behar izaten dutena.
Eta artzain gehienak kamioiez Aralar edo Aizkorriko magaletara garraiatzen dituzten arren, badaude oraindik antzinako usadioa mantentzen dutenak, ordutegi zehatz eta ez ohikoetan beraien bidaia osatuz. Maiatzaren lehenengotik aurrera egin ahal izango dute mendiko larreetara buelta.
Lourdes Rekondo eta Hilario Arbelaitz
11:15etan, Ordiziako Udaletxeko Batzar aretoan, Donostiako Rekondo Jatetxeko Lourdes Rekondok gazta gaztea ebakiko du. Baina, aldez aurretik, berriki Zuberoa Jatetxe entzutetsua itxi berri duen Hilario Arbelaitzi, omenaldia egingo zaio , Idiazabal Gaztaren difusioan egindako lanagatik.
Baita, gaztaren erregulartasun-kalitate sariak banatuko zaizkie Segurako Eneko Goiburu Artzaiari, bigarren urtez jarraian eta Idiazabalgo Abel Goiburu Irastorzaren Goiburu Gaztandegiari ere.
Ohitura den moduan, goiz guztian zehar Garagartza Plazan 40 Euskolabel arkume burruntzian prestatuko ditu Karlos Ibarrondok. 11.30etatik aurrera arkume pintxoak salgai jarriko dira eta bildutako dirua ASPANOGIrentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izango da.
EGITARAUA
9:00- Ahari eta ardien erakusketa Garagartza plazan.
Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzi eran erreketa Garagartza Plazan.
11:00- Artaldeak igaroko dira gune Historikoan barrena.
11:15- Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, Udaletxeko Batzar aretoan. Donostiako Rekondo Jatetxeko Lourdes Rekondok ebakiko du gazta berria.
Aldez aurretik, Hilario Arbelaitz sukaldaria omenduko da, eta gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak emango dira.
11:30- Gazta egitea eta mamia dastatzea Garagartza plazan.
11:30- Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, ASPANOGIren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen, alde.
12:15- Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.
*Goizean asteroko ohiko feria egingo da, gazta-salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak ere jarriko dira. Trikitilariek eta dultzaina-joleek alaituko dute herria.