Skip to main content

Ordiziako Udalak 'Q de Quesos' saria jaso du

21 Urtarrila 2025

'Q de quesos' sariak banatu dituzte gaur Madrilen, eta Ordiziako Udalak gaztaren alde egindako lana saritu dute bertan. Hain zuzen ere, gaztaren munduko ekitaldi publikorik onenaren atalean eman diote saria, Ordiziako azokan gazta bultzatzeko egiten diren ekitaldi ezberdinei erreferentzia eginez. 

'Q de quesos' 2017. urtean sortu zen, gaztaren mundua ezagutzen lagundu duten enpresen, erakundeen eta profesionalen ibilbidea aitortzeko helburuarekin. Estatu mailan egiten den lehiaketa da eta dagoeneko zortzigarren edizioa du. Epaimahaia gastronomia, kazetaritza eta ostalaritza munduko jendeak osatu du, eta guztira, zazpi sari banatu dituzte. Aipatzekoa da, Ordiziak jaso duena dela Euskal Herri mailan banatu den sari bakarra.

Egunotan Madrilen Fitur turismo azoka egiten ari direla aprobetxatuz, Niko Osinalde Goitur turismo agentziaren zuzendariak jaso du saria.