Skip to main content

Ordiziako Azoka ezagutzeko ibilbide autogidatu berria

20 Uztaila 2024

Ordiziako Azoka eraldatu eta biziberritzeko egitasmoaren barruan, turismo aldetik ere berrikuntza bat egin da, azoka ezagutzeko ibilbide autogidatua sortuta. Ibilbide honek, Ordiziako Azokaren historia errepasatzen du, herriko hamabi gune esanguratsu lotzen dituen ibilbidea sortuz. Gainera, autogidatua izango da, eta bisitariek nahi duten momentuan egin ahal izango dute, bai panelen bidez eta baita audioen bidez ere. 

Proiektu hau, Europar Batasuneko Next Generation laguntza-funtsaren bidez garatu den 'Ordiziako Azokaren Transfomrazio Digital eta Iraunkorrerako Plana: Azoka XXI' egitasmoaren barruan kokatzen da.

D'Elikatuz Zentroan hasita, hamabi gunez osatutako ibilbidea jarraitzeko aukera izango du bisitariak. Horretarako, garai bateko argazkiekin eta azalpenekin hornitutako xaflak jarri dira herriko 12 puntutan. Gainera, QR kodeen bidez audioak deskargatu ahal izango dira, lau hizkuntza desberdinetan (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa). 

Tren geltokiaren parean eta herriguneko sarrerako eskaileren ondoan, Ordiziako mapa bat ere kokatu da. Bertan, herriko interes puntu nagusiak eta urtean zehar ospatzen diren jai eta ospakizun garrantzitsuenak jasotzen dira. Eta nola ez, baita Ordiziako Azokako ibilbide berria ere.

Hauek dira xaflak jarri diren herriko hamabi puntuak:

·D'Elikatuz Zentroa. Barretxe.

·Peru artzainaren eskultura

·Goizane azokako emakumeei eskainitako eskultura, plazan

·Udaletxeko arkupeak

·Mariane eskultura, Oilo-kale

·Geltokiko eskilarak 

·Alhondiga, Muxika Dorretxea

·Goen plaza

·Garagartza plaza

·Azoka plazara sarbidea

·Asko kale

·Goierriko Nekazal Kooperatiba