Skip to main content

Ordiziak eskuorri turistiko berria du

02 Uztaila 2021

Ordiziak ondare natural, historiko, arkitektoniko eta kultural aberatsa du. Goierriren erdigunean kokatzen da, Donostiatik 30 minutura soilik, eta eskualdea ezagutzeko sarbide ezin hobea da. Hala ere, bailaran barneratu aurretik, Ordizian bertan aukera asko dituzu eskura.
Berezi egiten dute asteazkenetako asteroko azokak eta Erdi Aroko hiribildu historikoak, bere eraikin eta monumentu adierazgarrienekin. Herriaren nortasun ikurra diren ezaugarri hauek ondo ezagutzeko bisita eta jarduera ugari antolatzen dira. Horrez gain, merkataritza eta ostalaritza eskaintza zabala duzu aukeran eta ireki berria den Hotel Ordizia, hotel goxo eta abegitsuan, lotan gelditu eta esperientzia ahaztezina bizitzeko aukera. Gainera, D´elikatuz interpretazio zentroan Goierri Eskualdeko altxorrak ezagutzeko parada eta informazio guztia topatuko duzu. Bestalde, naturaz gozatzeko, Ordiziako hirigunetik minutu gutxira dagoen Oiangu landa parkeko paraje zoragarria bisita dezakezu, Aralar natur-parkera sarbide aproposa.
Honi guztiari Ordiziak urtean zehar eskaintzen dizun etenik gabeko ekitaldi-programa gehitu behar diogu.
Gaurkoan guzti honen berri jasotzen duen eskuorri turistikoa aurkeztera gatoz. Uztailaren 1etik aurrera udako denboraldi turistikoari hasera emango diogu eta

 

 

Ordiziako turismo bulegoak bere ordutegia zabalduko du, astelehenetik igandera bere ateak irekiz ondorengo ordutegian: astelehenetik ostiralera 10-00-13.00 eta 16.00-19.00; larunbata, igande eta jai egunetan 11.00-14.00 eta 16.00-19.00.

Azokako Pintxoa: Leizea Taberna
Gure herriko establezimenduetan azokako produktuen presentzia sustatu, eta eskaintza bertako eta garaiko produktuekin identifikatzeko asmoz Ordiziako Azoka Pintxoa ekimena martxan jarri genuen Ordiziako hainbat tabernetan.
Gaurkoan, Leizea tabernak eskaintzen duen pintxoa aurkeztuko dugu. Ahuntz gazta, piper krema, tipula mermelada, piper berde, ogia eta arto xigortua dira osagaiak. Errezeta eskuragai dago www.ordiziakoazoka.eus/azokako-pintxoa atalean.
Gogorarazten dizuegu, Leizeaz gain, Hotel Ordizia, Kantoi, Martinez, Pottoka eta Txindoki direla gaur gaurkoz ekimenarekin bat egin dutenak.
Pintxo hau kontsumitzen duten bezeroei txartel bana ematen zaie, eta zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute.

Deskargatu eskuorria