Skip to main content

Mujika Harategiak irabazi du Euskal Herriko I. odolki lehiaketa eta Gipuzkoako XXVI. odolki lehiaketa

27 Azaroa 2025

 

Euskal Herriko odolki egile eta harakinek hitzordua izan dute gaur goizean  Ordizian. Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak Ordiziako Udalarekin batera Euskal Herriko I. Odolki Lehiaketa eta Gipuzkoako XXVI. Odolki lehiaketa ospatu baita. Bertan Ordiziako Mujika harategiak irabazi du Gipuzkoako XXVI. eta Euskal Herriko I. odolki lehiaketa, 191,5 punturekin. Bigarren izan da Beasaingo Olano harategia (191 puntu), eta hirugarren Jesus Mari Martija gernikarra (167,5 puntu). Laugarren Asteasuko Javier Iraola (149,5 puntu) eta bosgarren Tolosako Muñagorri harategia (145 puntu).

Euskal Herriko txapelketako irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jaso du, eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatzen direnei diploma eta garaikurra bana eman zaie; laugarren eta bosgarren sailkatuei diploma. Euskal Herriko I. Odolki lehiaketako lehen gipuzkoarrak Gipuzkoako XXVI. lehiaketako saria izango, txapela, garaikur eta diplomarekin.

Odolki onena zein den erabaki duen epaimahaia gastronomia eta beste arlo batzutako adituez osatuko da. Aurtengoan, Ordizian izango dira: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Iñaki Telleria (Kuko Jatetxea, Ormaiztegi), Aritz Ansola (Sansonategi Jatetxea, Hernani- JAKITEA), Arantxa Arrizabalaga (Kattalin Erretegia, Beasain) eta Aizpea Oihaneder (Mahaia kolektiboa) sukaldariak, Juanma Garmendia (FECOGA); Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza) eta  Eli Belauntzaran (Diario Vasco) kazetariak eta Paloma Enríquez (CEBANC ostalaritza eskolako zuzendaria).

Odolkia dastatzerakoan, azken batean, txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka behar du: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute.

Lehiaketa honen bitartez,  betiko produktu honen kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi da. Halaber, kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita Euskal odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere.

Lehiaketa martxan dagoen bitartean, Ordiziako Oianguren Ikastetxeko ikasleak odolki pintxoak saldu dituzte eta lortutako diru sarrerak ikasleek aukeratutako helburu batera bideratuko dira.