Irailak 11an Azoka berezia, gazta lehiaketa eta internet bidezko enkantea
04 Iraila 2024
Irailaren 7an hasi eta hilaren 15 arte ospatuko dira Euskal Jaiak Ordizian. Aurreko urteetan bezala, egitaraua oparoa izango da aurten ere. Besteak beste, datorren asteazkenean, irailak 11, egingo den aparteko azoka eta aurtengoan bere LI. Urteurrena beteko duen latxa edo karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketa azpimarratu behar ditugu. Oraingo honetan ere, Ordiziako azokan giro aparta izango dugu, eta goiz osoan zehar era guztietako lehiaketak eta erakusketak ikusi ahal izango ditu bisitariak.
Azken 10 urteetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileak URREZKO KUTXA GARAIKURRA irabazteko aukera izango du. 2.009. urtean irabazi zuen garaikurra lehenengo aldiz Elgoibarko Jesus Mª Ansolak, 2013an Ricardo Remiro Eulateko artzaiak bigarrenez eta 2023an Segurako Ondarre Gaztandegiko Eneko Goiburuk hirugarrenez. Aurtengoan “S.C. Kortaria” gaztandekiko Julen Arburua (2018,2019) da garaikur hau irabazteko aukera duena.
Iraileko azoka berezi honetan bestelako lehiaketa eta erakusketak ere antolatu dira: Fruitu eta barazki-lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa, Gipuzkoako piriniar arrazako behi-azienda lehiaketa eta Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren Aipamen Berezia.
Arratsaldeko 13:30ak aldera jakingo dugu artzain irabazleak nor diren eta, ondoren, saritutako gazten enkantea egingo da. Hori izango da, hain zuzen ere, aurtengo berrikuntza nagusietako bat. Izan ere, frontoian bertan daudenek ez ezik, munduko edozein bazterretatik hartu ahal izango da enkantean, aurten online modalitatean parte hartzeko aukera zabalduko baita.
Enkantean modu birtualean parte hartzeko, aurrez eman behar da izena. Horretarako, https://enkante.eus/erregistroa webgunean sartu eta eskatzen diren datuak bete behar dira.
Egunean bertan, bai enkantea eta baita lehiaketa osoa ere, streaming bidezko zuzeneko seinalearen bidez jarraitu ahal izango da.
Ordiziako Euskal Jaiei buruzko informazioa aurki daiteke webgune honetan: https://www.ordiziakoazoka.eus/azoka-bereziak/euskal-jaiak/euskal-jaietako-egitaraua