Berriak

Ordiziako Azokak Euskadi Turismo 2012 Saria jaso du

Euskadi_Turismo_saria_2012_web

 Ordiziako Azoka Euskadi Turismo saria 2012

 


V. Mendeurrena ospatzen ari den Ordiziako Azokak jaso du 2012ko Euskadi Turismo saria. Bernabé Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua; eta Maria Pilar Zorrilla, Turismo sailburuordea, buru izan dituen ekitaldiak ehunka lagun bildu ditu Getariako Cristobal Balenciaga museoan. Gala horretan jaso dute saria alkateak, azokako ordezkariek eta turismo bulegoko arduradunek.

Ordiziako udaleko, herriko eta azokako ordezkaritza zabala egon da sari banaketa ekitaldian. Igor Egurenek, alkateak; Leire Arandiak, turismo bulegoko arduradunak; eta Ixiar Etxeberriak, azokako saltzaileak, ilusio handiz hartu dute sari garrantzitsu hau Unda sailburuaren eskutik. Egurenen hitzetan "ohore handia da horrelako saria jasotzea. Batik bat tradizioari eta lehen sektoreari ematen zaiolako". Gainera, Ordiziako alkateak eskaini duen hitzalditxoan ekoizle eta, bereziki, emakume baserritarrak izan ditu gogoan "izan ere, beraiengatik izan ez balitz, azokak ez luke iraungo". Ikusleen algarak piztu ditu Igor Egurenek egindako adierazpenak: "500 urte barru, Ordiziarrak, berriz hemen izango gara horrelako beste sari bat jasotzen. Horretan ari gara".

Dudarik gabe, sari honen atzean baserritarrei eta euskal tradizioari egindako omenaldia dago. 500 urte bete diren honetan, lehen sektorearen garrantzia eta indarrak azpimarratzen dira. Azokaren arrakastaren giltzarria asteazkenero saltzera etortzen diren baserritarrengan baitago.