Skip to main content

Ordiziako Azokan II. Argazkigintza Lehiaketa

02 Azaroa 2011

Carlos Mediavilla Urretxuarrak, irabazi du 'Ordiziako azokan', II. argazkigintza lehiaketa. Euskal jaietan Talogileei egindako irudiak eraman du lehenengo saria. Epaila ematerakoan, epai-mahiak lehiaketaren gaiarekiko erlazioa, teknika eta sormena hartu ditu kontutan. Guztira 20 egile aurkeztu dira lehiaketara, 71 lanekin. Horietatik aukeratutako argazkiekin erakusketa zabalduko da Azaroaren 30etik aurrera Ordiziako D' elikatuz zentroan.

Mediavillak garaikurra, 400 euroko opari txekea argazkigintzako produktuetan, 100 euroko erosketa balea Ordizian merkataritza elkartean eta afari balea bi pertsonentzat jasoko ditu erakusketa irekitzean egingo den sari banaketan. Beste zazpi sari ere emango dira. Bigarren eta Hirugarren sariak Xabi Lasa eta Iñaki Hidalgo Ordiziarrek jasoko dituzte hurrenez hurren. Lasak eta Hidalgok ere, garaikurra, 300/200 euroko opari txekeak argazkigintzako produktuetan, 75/50 euroko erosketa baleak Ordizian merkataritza elkartean eta afari baleak 2 pertsonentzat irabazi dituzte.

Laugarren, bosgarren, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren sarituak ondorengoak dira: Ordiziako Olga Barrerasen argazkiek laugarren eta zazpigarren sariak eraman dituzte, Iñaki Hidalgok aurkeztutako hiru argazkiak sarituak izan ditu, hirugarrenaz gain bosgarren eta zortzigarren hurrenez hurren, eta Miguel Cavero Ordiziarraren argazkia izan da seigarren postuan sailkatua. Guzti hauek ez dute garaikurrik jasoko baina bai argazkigintzako opari txekeak, erosketa baleak eta afariak. Epaia behin-betikoa eta apelaezina da.

Lehiaketa Ordiziako Udalak, Merkataritza eta Turismo sailak eta Ordiziako Azokaren batzordeak antolatu dute, honakoen laguntzaz: Ordizian Merkatari elkartea, Foto Josetxo Marin, Foto Ordizia, Foto Ikatz Imagina, Ortzadar Argazkigintza elkartea, D´elikatuz zentroa eta Ordiziako Altamira, Haizpe, Hertza, Martinez, Txindoki eta Zubibi, Aldasoro, Pottoka eta Pias taberma eta jatetxeak.