Skip to main content

Ordiziako bigarren gaztagatik 485 euro eman dute online egindako enkantean

14 Iraila 2011

Astearte arratsaldeko 18:00tan bukatu zen Ordiziako Udalak Ordiziako Azokako webgunean martxan jarri zuen Ordiziako Artzai gazten lehiaketako bigarren eta hirugarren gazta sailkatuen Internet bidezko enkantea: http://www.ordiziakoazoka.com/enkante. Pasa den Irailaren 7tik internautek lehen aldiz artzaiek egindako gazta onenengatik  enkantean parte hartzeko aukera izan dute. Kasu honetan bigarren sailkatutako gazta erdia Arabako Ilarduia herriko La Leze gaztandegikoa zen eta hirugarren sailkatua Gipuzkoako Zeraingo Javier Muñoarena.

Enkantea, esan bezala, joan den asteazkenean martxan jarri zen,  Nafarroako Eulateko Ricardo Remiroren lehenengo gazta erdiaren enkantea itxi bezain pronto. Oso lehiatua izan den aste bete honetan Donostiako “torrelavega” internauta  izan da bigarren sailkatutako gazta erdiarekin gelditu dena 485 eurogatik; bien bitartean Bartzelonako “Cheeseboy”k eraman du hirugarren gazta erdia 109 eurotan.  Enkantean parte hartu duten guztien artean gazta txapeldunaren laurden bat zozketatu da eta Oviedon bizi den “AneCo” internauta Santurtziarrari egokitu zaio.

Gizarte Sareak izan dira gakoa

Twitter eta Facebook –en bitartez ahalegin handia egin da Ordiziako Azoka, 2011ko Euskal Jaiak, Artzaiaren gazta lehiaketa, eta  enkantea beraren berri emateko. Gainera Web orrialdeak,  1200 bisita  eta 5000 orrialde ikustaldi izan ditu irailaren 7tik 13ra, internautek batazbeste 6 minutu pasa dituztelarik orria ikuskatzen, Euskal Herria eta Espainiaz gain, Erresuma Batua, Bélgica, Estatu Batuak, Frantzia, México, Japon, Portugal, Alemania, Brasil eta Venezuelatik  hain zuzen sartu diren bisitariak.

Irailaren 7an gazta lehiaketaren eta subastaren streaming bat egin zen eta ordudanik Facebook eta Twitter bidez enkantearen informazio eguneratua eman da . Enkantearen prozesua #enkante11 hashtag edo etiketaren bidez jarraitu ahal izan da, eta oihartzun nabarmena izan du  gastronomian espezializaturiko komunikabideetan, hala nola, Directo al Paladar (erreferente dena) eta Gastroeconomy, baita  blogero garrantzitsuenetakoak ere. Azkenik esan bai twitter eta Facebook-eko jarraitzaile kopurua bikoiztu egin direla eximen honen bitartez.