Gaur goizean zehar jokatu da Latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez artzainek egindako L. Gazta Lehiaketa, Ordizian. Bertan, Eneko Goiburu (Segura) izan da garailea (2734,5 puntu). Txapela ez ezik, Urrezko Kutxa Garaikurra ere eskuratu du, izan ere, azken 10 urteotan hirugarren aldiz irabazi du txapelketa hau segurarrak (2014, 2021 eta 2023).
Haren izena entzun bezain laster, eskuak altxatuta azaldu da Goiburu saria jasotzera. Aurrez, familiakoekin besarkada estua jasota, malkoei ezin eutsiz igo da oholtzara, eskuarekin 5a eginez, hatz guztiak altxatuta: “Gaurkoarekin, familian bosgarren aldiz irabazi dugu txapelketa hau. Azken hamar urteetan hiru, 1995ean, eta aitonak ere orain urte asko irabazi zuen lehiaketa”. “Inolaz ere espero gabeko albistea” dela nabarmendu du, hunkituta.
Bigarren saria Kortariak irabazi du (2627 puntu), eta hirugarren postua etxean gelditu da, Joseba Insaustik irabazi baitu (2603,5 puntu). Laugarren eta bosgarren postuak, berriz, Ander Barandiaran eta SC Loperenarentzat izan dira; 2595,4 eta 2588,5 puntu, hurrenez hurren.
Aurtengoan, lehiaketaren 50. urteurrena ospatuz, 50 izan dira lehiaketara aurkeztu diren gaztak. Datu moduan, lehen bost sailkatuek gazta ketua aurkeztu dute. Irabazlearen izena jakin bezain laster enkantea hasi da, eta gazta erdia 3.550 euroan erosi du Super Amarak, enkantea egin denetik hirugarren aldiz.
Hona hemen informazio gehiago eta goizean zehar ospatu diren lehiaketen emaitzak: