Berriak

Kanthoria Taldearen kontzertua Ordizian

Foto_Khantoria_web

 "Azoka 500" ospakizunen barruan Khantoria taldeak "Modalketak' kontzertua aurkeztuko du hitzaldi-kontzertuekin, ostirala honetan Ordiziako D'Elikatuz gunean, arratsaldeko 7etan.

 

Beste behin Ordiziako alde zaharrak erdi aroko azokaren edizio berri bat hartuko du asteburu honetan eta sarrera gisa, feriaren 500 urteurreneko ospakizunen barruan, Kanthoria taldeak (Ander Berrojalbiz – arrabita, Maider López – viola, Virginia Gonzalo – organetto eta ahotsa) "Modalketak" izeneko kontzertua aurkeztuko du.

Herri-musikak Euskal Herrian utzi duen ondareak Erdi Aroan ditu bere erroak. Horren lekuko, gure kantutegiko melodia asko ditugu (Bereterretchen khantoria, Haika mutil, Garizuma luzerik, Lelotxo Montañako, Agure zar batek, Atzo goizean, Txinaurria), modu gregorianoen arabera konposatuak. Hemen aurkezten dugun hautaketa ez da sistematikoa, baina bai aipatu ondarearen originaltasun eta aberastasunaren adierazgarria.

Bestalde, musika-lan horiek hari-instrumentu banarekin interpretatzeko erabakia ez da apetatsua izan; aitzitik, gure lurraldean zabal finkatutako ohitura batekin estu lotuta dago, XIV eta XV. mendeetan Nafarroako gorteko bihuela-joleekin hasi eta XVIII eta XIX. Mendeetan Iruñeko eta Bilboko biolin-erromeriekin buka, jai-ospakizunak (Tutera, Hernani, Lekeitio, Balmaseda) eta akelarreak (Hondarribia) ahaztu gabe, arrabitekin eta danbolinekin alaituak XVI eta XVII. mendeetan.

Hala ere, moldaketa hauekin, aipatu konposizioen interpretazio garbizalea eskaintzeko asmorik ez dugu izan, bi tradizio horien historiari -Euskal Herriko musikan kantu modalek eta hari-instrumentuek osatzen dutenari- atal berri bat gehitzea baizik. Hori dela eta, antzinako musika jatorrizko musika-tresnekin jotzen duten musika-interpretatzaile gisa duten ezaguera ahaztu gabe, proiektu hau zorretan dago bai Hiru Truku-ren tradizioarekiko atxikimenduarekin bai Mikel Laboaren abangoardismoarekin edota Mikel Urbeltzen ikerketekin, Jesus Guridiren nazionalismoarekin edota Ravelen inpresionismoarekin eta baita Josquin Desprézen kontrapuntu- esperimentazioarekin ere. Beti ere, melodia guztien sotiltasuna eta edertasuna gordetzen saiatuz.

Khantoria antzinako musika-taldeak errepertorio barrokoa (XVI, XVII eta XVIII. mendeak) garaiko musika-tresna originalekin eta orduko interpretazio-teknikekin eskaintzea du helburu.

Kontzertuak Erdi Aroko zenbait doinuen interpretazioak, Kurutziagako gurutzean irudikaturiko arrobita eta arkodun bihuela bezalako Erdi Aroko instrumentuak bidez eginikoak, eta Berreterretchen kanthoria, Lelotxo montañako eta Haika mutil herri-doinuen gainean eraikitako biolin eta bilarentzako moldaketa berreen aurkezpena barne hartzen ditu.

Khantoriak burutu duen ikerketa Ordiziako D'Elikatuzen izango dugu entzungai, Kutxa babesarekin. Horretarako, ordubete inguruko iraupena duen hitzaldi-kontzertuak antolatu da, jendeak ikerketaren atzean dagoen istorioa ezagut dezan.

Hitzordua Ordiziako D'Elikatuz gunean 19:00etan, Kutxa babesarekin