Irailaren 2an hasi eta hilaren 10 arte, iraungo du aurtengo Euskal Jaiak Ordizian. Aurreko urteetan bezala, egitaraua oparoa izango da. Besteak beste, datorren asteazkenean, irailak 6, egingo den aparteko azoka eta aurtengoan bere L. Urteurrena ospatuko duen latxa edo karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketa azpimarratu behar ditugu.
Oraingo honetan ere, Ordiziako azokan giro aparta izango dugu, eta goiz osoan zehar era guztietako lehiaketak eta erakusketak ikusi ahal izango ditu bisitariak.
Azken 10 urteetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileak URREZKO KUTXA GARAIKURRA irabazteko aukera izango du. 2.009. urtean irabazi zuen garaikurra lehenengo aldiz Elgoibarko Jesus Mª Ansolak eta 2013an Ricardo Remiro Eulateko artzaiak bigarrenez. Aurtengoan “S.C. Kortaria” gaztandekiko Julen Arburua (2018,2019) eta “Ondarre” gaztandegiko Eneko Goiburu (2014,2021) dira garaikur berezi hau irabazteko aukera dutenak.
Irailaren aurreneko asteazkeneko azokan bestelako lehiaketa eta erakusketak ere antolatu dira: Fruitu eta barazki-lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa, Perretxiku erakusketa, Gipuzkoako piriniar arrazako behi-azienda lehiaketa eta Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren Aipamen Berezia.
Ordiziako Euskal Jaiei buruzko informazioa aurki daiteke webgune honetan: https://www.ordiziakoazoka.eus/azoka-bereziak/euskal-jaiak/euskal-jaietako-egitaraua