Berriak

Gazta Lehiaketa 2015

gaztalehiaketa1web

JON ETXEBARRIAREN GAZTAK IRABAZI DU ORDIZIAKO IDIAZABAL GAZTAREN LEHIAKETA
Catalana OccidenteK 7.600 euro ordaindu du irabazi duen gazta erdiarengatik

Bigarren saria Larreako Patxi Lopez de Uraldek eraman du eta hirugarrena Goierrin geratu da, Zeraingo Francisco Javier Muñoaren eskutan

 

 

Zeanuritik ekarri dute Jon Etxebarria eta Puy Arrietak Ipiñaburu gaztandegian familian egindako XLII. edizioko gazta hoberena. Larreako Patxi Lopez de Uralderena izanda bigarrena eta Francisco Javier Muñoa zeraindarra hirugarren. Laugarren tokian, berriz azken txanpara iritsi den Joseba Insausti (Ordizia) eta bosgarrenean Patxi Otaegi (Beizama). Enkantean Catalana Occidente aseguru etxeak 7.600 euro ordainduta irabazi du.

Catalana Occidentek duela hiru urte ere enkantea irabazi zuen eta, kasualitatez, orduan ere artzain bera izan zen lehiaketako irabazlea, Jon Etxebarria. Juanjo del Caño, aseguru etxeko ordezkariak esan duenez, 'gure tradizioei laguntzeko' ahalegina egiten dute horrela eta ontzat ematen dute, halaber, ordaindutako diruak duen erabilera soziala.

'Ordiziak dardarizoa sortarazten du'

Pozik zeuden lehiaketaren irabazleak, Jon Etxebarria eta Puy Arrieta, Ordizian berriz irabazi eta gero. Eskerrak luzatzeko aprobetxatu dute, batez ere 'honetaz bizitzea posible egiten digun guztiei' eta gogoan izan dituzte beste hainbat ganaduzale, 'oso gaizki pasatzen ari baitira', esan dute.

Eguzkia lagun, giro jatorrean ospatu da gaur Ordiziako Euskal Jaietako aparteko azoka. Asteazkeneroko azokaz eta gazta lehiaketa entzutetsuz gain, fruitu eta barazki lehiaketa, perretxiko erakusketa, euskal oiloen lehiaketa eta Gipuzkoako Piriniar Arrazako Behi-Azienden lehiaketa ere izan dira Ordizian. Kalean jendearen joan etorria etengabekoa izan da, eta Goierriko produktu onenak bertatik bertara ikusi, erosi eta dastatzeko aukera izan dute feriara inguratu direnek. Asteazkeneroko azoka ere apain zegoen Plaza Nagusian.

Arratsaldean, pilota eta herri kirolak
Arratsaldean (17:30) festak jarraitu egingo du. Profesionalen arteko eskuzko bi pilota partida jokatuko dira Beti-Alai pilotalekuan, eta 19:30ean, Joxemiel Barandiaran plazan, Herri Kiroletako erakustaldia egingo da: aizkolariak, harrijasotzaileak, trontza, txingak, lasto jaurtiketa, ingude jasotzea, motozerra froga... Ordiziako Euskal Jaiak igandean bukatuko dira, Lazkao Txiki XXIV. Bertsopaper Lehiaketaren sari ematearekin.