Euskal jaietako aparteko azoka, lanbropean baino giro jatorrean
11 Iraila 2013
Ricardo Remirok irabazi du Ordiziako 40. Gazta lehiaketa, eta Bergarako Bolintxo okindegiak 7.500 euro ordaindu ditu gazta erdiarengatik
Xirimiriak nahi bezalako goiz giroa ez izatea baldintzatu badu ere, giro jatorrean ospatu da gaur Ordiziako Euskal Jaietako aparteko azoka. Asteazkenoroko azokaz gain, fruitu eta barazki lehiaketa, perretxiko erakusketa, euskal oiloen lehiaketa, Gipuzkoako Piriniar Arrazako Behi-Azienden lehiaketa, eta nola ez, Artzainek Latxa Ardi-Esnez egindako 40. Lehiaketa ere izan dira gaur Ordizian.
Kalean jendearen joan etorria etengabekoa izan da, eta Goierriko produktu onenak bertatik bertara ikusi, erosi eta dastatzeko aukera izan dute feriara inguratu direnek. Asteazkenoroko azoka ere apain zegoen Plaza Nagusian, eta astero Ordizian izaten diren baserritarrei aipamen berezia egin zaie.
Ricardo Remiro txapeldun
Gaurko azokari sona ematen dion ekitaldia Gazta lehiaketa izaten da. Gaur ere jendez gainezka egon da Beti-Alai pilotalekua. 53 artzainek hartu dute parte lehiaketan, eta epaimahaiaren arabera, Ricardo Remiro (Eulate, Nafarroa) artzainak jaso du sari nagusia. Remirok hirugarren aldiz irabazi du Ordiziako txapelketa (2008, 2011 eta 2013), eta hamar urteren barruan lortu dituenez hiru sariak, Urrezko Kutxa Garaikurra ere jaso du.
Bigarren saria Gereñuko (Araba) Hermanos Audicana Saez elkarteak lortu du, eta hirugarrena Remiroren herri bereko Felipe Agirrek. Sari banaketaren ondoren egin den enkantean, berriz, Bergarako Bolintxo okindegiak 7.500 euro ordaindu ditu lehiaketan nagusitu den gazta erdiarengantik. Iaz 7.400 euro ordaindu zituen Catalana Occidente Aseguru Etxeak, eta aurten ere lehian aritu da azken unera arte.