Berriak

Euskal Herriko XVI. Txistor Lehiaketa

txistorralehiaketa2012web

Euskal Herriko XVI. Txistor-Lehiaketa

Ordizia, PLAZA NAGUSIA, ABENDUAREN 11a- 10.30 h.

Gipuzkoako harakin eta urdaitegi-zaleen gremioak antolatuta, Euskal Herriko XVI. Txistor-Lehiaketa egingo da Ordizian datorren asteazkenean, abenduak 11. Plaza Nagusian, Udaletxeko arkupetan izango da, 10.30etatik aurrera. Gremio horrek kontsumitzaileen arreta bertako ohiko hainbat produktuetara bideratu nahi du Santo Tomas jaiaren atarian, hala nola, txistorra. Usadio zaharraren arabera egiten den produktuetako bat da, eta hori, zalantzarik gabe, garantiaz eta kalitateaz hitz egitea da.. Iaz 43 harakinek eman zuten izena eta aurten partehartzaile kopuru bera espero da..

Txistorra egiten duten profesionalek parte har dezakete Ordiziako txapelketan. Partehartzaile bakoitzak, berak egiten duela egiaztatu eta gero, proba egin behar den bezperako arratsaldean, kultur etxean 20.00ak baino lehen. Hestebete kiloa eraman beharko du (6 txirikorda).

Adituek esaten dutenaren arabera, txistorra ona izateko honako ezaugarriei erreparatu behar zaie: neurria eta homogeneoa izatea, gustua, txikitua, giharra eta koipea erdibana, ontze-puntua, etab. Epaimahaikoek lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratuko diote: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera, eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatuko diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta, azkenik, zartaginean frijitu eta duen zaporea, usaina eta ahogozoa hartuko dituzte kontutan.

Hiru atal horietan lortutako puntuekin jakingo dugu zein izango den Euskadiko hamaseigarren txapelketan garaile, eta hori egiaztatuko duen Txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren sarituek garaikurra eta diploma jasoko dute eta Epaimahaiak, gainera, beste hiru diploma emango ditu.

Epaimahaia ondorengoek osatuko dute : Isaac Salaberria (Fagollaga Jatetxea, Hernani), Ahizpea Oihaneder (Xarma Jatetxea, Donostia); Joxean Eizmendi (Ilarra Jatetxea, Donostia); Jose Manuel Garmendia (Kattalin Erretegia, Beasain), Imanol Gaztañaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia), Juan Perez (Castillo Hotela, Olaberria), Jose Antonio Mujika eta Juan Garmendia harakin ohiak (Ordizia), Kontxi Mujika sukaldari ohia (Ordizia), eta azkenik Basque Culinary Center-eko Luis Arrufat eta Emilio Diaz, irakasle eta Master-eko ikaslea hurrenez hurren.

Txapelketa-mota horiekin bertakoak diren produktuen aldeko arreta piztu nahi da, eta, aldi berean, kontsumitzaileek estimatzen duten kalitateko produktuak eginaraztea artisauei.

Txerri-hilketarekin lotzen da txistorra, eta oso erro sendoak ditu Euskal Herrian eta Gipuzkoan batez ere, San Tomas eguna txistorraren eta txerriaren inguruan ospatzen baita. Usadioko txerri-hilketan gizonezkoen lana zen txerria hiltzea eta emakumezkoena berriz, gainerakoa, esate baterako, odolkiak, lukainkak...egitea, horretarako giharra txikitu eta gatza, piperbeltza eta abar botatzen zioten. Txistorra egiteko txerri-haragia eta urdaia behar da, gatza, baratxuria eta piperrautsa. Hori dena, ardi edo arkume-hestean sartu eta egurasten uzten da egun batzutan.

Aurreko 15 edizioetako irabazleak:

1998 - Pedro Jesús Alberdi (Donostia)

1999 - Manuel Arresti (Getaria)

2000 – Carlos Lekube (Aia)

2001 – Manuel Barandiaran (Ordizia)

2002 – Patxi Larrañaga (Lasarte)

2003 – Fernando Saralegui (Zumarraga)

2004 – Cristóbal González (Andoain)

2005 – Nicolas Lasa (Ordizia)

2006 – Etxekoa (Oiartzun)

2007 – Carnicería Sebastián (Altsasu)

2008 – Patxi Larrañaga (Lasarte)

2009 – Juan Jose Aldasoro (Altsasu)

2010 – Jose Luis Muñagorri (Tolosa)

2011 - Balentin Odriozola (Azpeitia)

2012 - Balentin Odriozola (Azpeitia)