Eguberritako Aparteko Azoka
23 Abendua 2011
Abenduaren 28an, asteazkena.
Datorren asteazkenean, abenduaren 28an, Eguberrietako aparteko peria izango da Ordizian. Hau da, urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen aparteko perietan bigarrena; lehenengoa Euskal Jaietako aparteko peria da. Aparteko peria horrek peri bikaina eta salerosketan mugimendu dezente izango delakoan gaude, mahaiaren inguruan ospatzen ditugun jaietarako despentsa bete ahal izateko.
Bertako produktuak atsegin dituztenentzat, Ordizia osoa bihurtuko da orain ere perialeku, erosle eta saltzaileen arteko elkargune. Hori guztia dela eta, Ordiziako Udalak, beste hainbat erakundeekin elkarlanean, erakusketak, lehiaketak eta ekintza ugari prestatu ditu goiz ederra igaro ahal izateko, eta jai giroan murgiltzeko. Jai giroari dagokionez, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira kalerik kale, txoko guztiak animatzeko.
Goizeko lehen ordutik aurrera, Beti Alai pilotalekuan kapoi, antzar eta indioilar erakusketa izango da. Eta horien ondoan ez da faltako pottoka eta txahalik.
Plaza Nagusian asteroko peria izango da. Garagartza Plazan berriz, Euskal Herriko errege-sagar lehiaketa-erakusketa izango da; baita bertako fruitu lehorren eta bestelako frutaren lehiaketa-erakusketa ere. Gargartza Plazan ere txerri erakusketa izango da, Bidaniako Pedro Urdapilletak ekarritako euskal txerriekin..
Ordiziako aparteko feria zabal horretan eskuz landutako produktuek ere, bere lekua izango dute Garagartza Plazan eta ingurumarian: foie-grasa, eztia, gazta, ogia, goxokiak,... Hori horrela, aparteko peria osatuagoa izango dugu gabon jai hauei begira: Plaza Nagusian baserritarrek produkturik onenak eskainiko dituzte eta Garagartza Plazan eta beste kaleetan eskuz landutako gainerako produktuak.
Jai goiza osatzeko eta giroa alaitzeko, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira Ordiziako kaleetan.
Eta datorren urtean azokaren 500. urteurrena ospatzen denez Azoka 500 egutegia eskuragarri izango dela 50 xentimoren truke, Udaletxe azpian Turismo Bulegoak jarriko duen stand-ean eta D´elikatuzen 28an bertan eta 29tik aurrera eskura daitekeena.
Zalantzarik gabe, goiz eder eta atsegina pasatzeko aukera bikaina izango du Eguberrietako aparteko peria honetara, asteazkenean, hilak 28, Ordiziara etortzen denak.
Era horretan, Gipuzkoako abenduko peria egutegia osaturik geldituko da: Zumarraga-Urretxuko Santa Luziarekin hasi, Donostiako, zein Arrasateko Santo Tomas perien ondoren Tolosakoa eta Ordiziako Eguberrietako aparteko peria horrekin segi, eta, Elgoibarko Gabon zaharretako aparteko periarekin urtea amaitzeko.