Gipuzkoako odolki egile eta harakinek hitzordua izan dute asteazken honetan, azaroaren 27an, Ordizian. Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak Ordiziako Udalarekin batera Gipuzkoako XXI. Odolki lehiaketan; 17 izan dira parte hartu dutenak. Aurtengoan, iazko moduan, Beasaingo Olano Harategiak irabazi du, txapela, garaikurra eta diploma jasoz. Bigarren saria ere Beasaina joan da, Muruazpi harategira. Hirugarrena, berriz, Ezkio-Itsasoko Jesus Mari Debak eskuratu du. Laugarren eta bosgarren postuak Jose Antonio Izagirre arrasatearrak eta Eibarko Mujika harategiak osatu dute.
SAILKAPENA:
1) Olano harategia: 99 puntu
2) Muruazpi harategia: 88 puntu
3) Jesus Mari Deba 82: puntu
4) Jose Antonio Izagirre: 79 puntu
5) Mujika Harategia: 62 puntu
Odolki onena zein den erabaki duen epaimahaia gastronomia eta beste arlo batzutako adituez osatua egon da. Aurtengoan, Ordizian izan dira: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Juan Manuel Garmendia (Kattalin Erretegia, Beasain), Imanol GaztaƱaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia); Jose Antonio Mujika eta Juan Garmendia harakin ohiak (Ordizia), Kontxita Mujika tabernari ohia (Ordizia), Luis Mokoroa (Euskal Gastronomia Anaiarteko Lehendakaria), Fede Pacha irakaslea (Luis Irizar sukaldaritza eskola, Donostia), Laura Tamayo (Basque Culinary Center-eko irakaslea), Nuria Perez (Goierri Telebista) eta Lierni Elortza (Goierriko Hitza) kazetariak eta Jone Karres (turismo gastronomikoan aditua).
Odolkia dastatzerakoan, azken batean, txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka behar du: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute.
Lehiaketa honen bitartez, betiko produktu honen kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi da. Halaber, kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita gipuzkoar odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere.
Honez gain, Ordiziako Azokaren 12 produktu 12 hilabete ekimenaren baitan odolkiaren ekoizpen prozesua Plaza Nagusian ikusteko aukera egon da Juanita Murgiondo baserritarraren eskutik.