Skip to main content

Azokako historiak - Edurne Jauregi

Azokako historiak - Edurne Jauregi

Aita Txerri kalera (Gaur Euskal Herria) txerriak saltzera etortzen zen. Txerriak gurdi batean ekartzen zituen zuzenean baserritik. Urte asko eman zituen, tratanteak baserrira joaten hasi ziren arte, eta, orduan, txerriekin etortzeari utzi zion. Hori duela 50 edo 60 urte zen, gutxienez.

Aitak txerriak saltzen zituen bitartean, amak baserriko produktuak saltzen zituen. Garai hartan oso barazki gutxi saltzen ziren; porru batzuk, aza batzuk eta udan tomate batzuk. Landatzen ziren letxugak etxean kontsumitzeko ziren, baina batzuetan azokara ere ekartzen ziren. Letxuga, tomate eta tipula entsalada jateko ohitura nahiko berria da... lehen ez zen jaten.

Batez ere animalia txikiak ekartzen ziren, hala nola untxiak, oiloak eta, batez ere, babarrunak, arrautzak, intxaurrak... Donostiatik eta Irundik etortzen ziren rekadistak, eta untxiz betetako zakuak eramaten zituzten.

Amak babarrun kiloak ekartzen zituen astero Santosenea izeneko tabernara, gero Aldasoro izan zena. Apopiloak zituzten eta ia egunero babarrunak jaten zituzten. Garai hartan, asko ekoizten zen babarrun mota bat, Beasain izenarekin ezagutzen zena zen. Granate kolorekoa zen. Denborarekin galtzen joan zen eta gaur egun ez da landatzen.

Baserritarrek asteazkenean beste erosketa batzuk egiteko aprobetxatzen zuten eta oso ohikoa zen bakailaoa erostea. Amari asko gustatzen zitzaion arraina eta antxoak erosten zituen...

Seme-alaba guztiak egoten ginen azokatik noiz etorriko zain, gozokiren bat ekartzen zigutelako beti: Unanueko pastelak. Gainera, oporrak zirenean, denok nahi genuen azoakaraa etorri amari laguntzera. Horrela hasi nintzen ni; lehendabizi amari laguntzen eta gero bakarrik.

Hasieran azokara etortzeko, astoekin eta saskiekin oinez jaisten ginen Legorretako geltokiraino eta handik trenez Ordiziraino eta Ikaztegietako geltokiraino jaisten ginen, Donostiara joateko. Donostian, nire amak Bretxako merkatuan saltzen zuen. Bretxan errezil-sagar asko saltzen ziren. Eta gero zuzenean baserrira etortzen hasi ziren, sagarra kamioiekin jasotzera. Kamioiak herriko plazan uzten zituzten, baserriraino errepiderik ez zegoelako. Sagarrak gurdietan eramaten genituen plazaraino. Sagar kilo bakoitzeko bi pezeta ordaintzen ziren.

Geroago, Legorretako taxi-gidariak parrilla zuen kotxe handi bat erosi zuen, eta geltokiraino jaisten ginen. Parrillan jartzen genituen saskiak. Abantaila handia zen, bidea oinez egin behar ez zelako.