Enirio-Aralarko mendizainak gogoratu du liburu batean irakurritakoa. Iztueta dantzariak kontatutako bitxikeria da. Honela dio: XIX. mendearen lehen erdialdean, Zaldibiako Miranda baserriko etxekoandreak, artzain baten andreak, Ordiziako azokan asteazken batean erositako aza landareak zaldiaren zestoan utzi zituen ahaztuta.
Arratsaldean bere tresnak zestoetan sartu eta Aralarko bere saroira joan zen artzaina. Hara iritsi eta landareak ikusi ondoren, probetxua ateratzea erabaki eta landatu egin zituen. Aste batzuk ondoren, ale ederrak bildu zituen. Ondoko urteetan berdin egin zuen, baita inguruko beste artzainek ere.
Horrela hasi ziren Aralarko artzainak euren baratzak lantzen. Eta ez bakarrik norberaren kontsumorako, baita negozioa egiteko ere, izan ere aza baten salmentarekin 400 erreal (100 pezeta edo 6 euro) lortu ohi zituzten. Hain ziren ederrak!