Ulia mendiko tontorrean kokaturiko etxe handi batean familia desberdinek osaturiko komunitate hau bizi da. Okindegi ekologikoa dute etxean bertan eta nekazaritza ekologikotik eratorritako osagaiekin ogigintzara eta gozogintzara dedikatzen dira. Ordiziako azokan sartu diren saltzaileetatik berrienetakoak dira, baina Plaza Nagusi barneko sarrera parean kokaturiko beraien postua ez da oharkabean pasatzen. Besteak beste limoiaz eginiko mate edaria eskaintzen diote abegi handiz bertatik pasatzen den edonori eta eskaintzen dituzten produktuak mota askotarikoak dira: espelta eta zekale ogia, gailetak, opilak, matea, gatza, zerealak, magdalenak, algarroba pastela, frutadun granola eta fruitu lehorrak.